72 udaltzain plaza betetzeko deialdia Euskadin, horietatik bost Arrasaten

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko abu. 30a, 17:19

Argazkia: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

Udaltzaingoaren Lan Eskaintza Publiko bateratuaren lehenengo deialdia argitaratu da gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria-n. Euskadiko hamabi udaletako 72 lanpostu betetzeko deialdia egin da, horietako bost Arrasaten izango dira. Prozeduran parte hartzeko interesa dutenek, abuztuaren 31tik urriaren 1a arte izango dute eskabidea aurkezteko aukera.

Udaltzaingoaren lehenengo sarbide eta hautaketa prozesua egiteko deialdia egin du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak EHAAn. Hautaketa-prozesu bateratuko 72 plazetarako izena emateko epea urriaren 1ean amaituko da; probak azaroan hastea aurreikusten da eta Akademiako prestakuntza-ikastaroa 2018ko urtarrilean egitea.

Ekimena Segurtasun Sailak jarri du abian EUDELen laguntzaz eta udalek eskatuta, eta udaltzaingoetako agenteak hautatu eta prestatzeko taldean planteatu ondoren. 

Deialdi bateratua

Udalerri txikiek era honetako probak egiteko "zailtasunak" izaten dituztela esan du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak. "Udaltzaingoetan sartzeko eta hautaketa egiteko prozesuak sinplifikatu eta bateratzea da deialdi bateratuaren helburuetako bat, hautaketa-profil bera aplikatuz eta gainkostu-arazoak saihestuz efizientzia administratibo hobea lortze aldera".

Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agenteen 72 plaza deitu dira orotara, eta honako udalerri hauetan: Abadiño (2), Arrasate (5), Arrigorriaga (1), Bilbo (25), Basauri (1), Galdakao (3), Getxo (14), Mungia (2), Santurtzi (7), Pasaia (3), Zarautz (6) eta Zumaia (3).

Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa librea izango dela jakinarazi dute deialdian. Test erako proba bat, gaitasunak ebaluatzeko lau ariketako test psikotekniko bat eta nortasuna ebaluatzeko beste bat egingo dira. Era berean, proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonala ere egingo dira. Lehiaketa-fasean Udaltzaingoan egindako zerbitzuak baloratuko dira. Bestalde, hautagaiek bete nahi duten plazan eskatutako hizkuntza eskakizuna baino euskara maila handiagoa egiaztatzen duten pertsonen kasuan, euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da.

Ondoren, hautatutako pertsonak praktiketako funtzionario izendatuko dira eta prestakuntza-ikastaro bat egingo dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, gehienez ere 30 hilabetekoa.

Bai aginduan bertan bai oinarrietan, udalek hautagaiei eskatu nahi dizkieten baldintzak erabaki ahal izan dituzte, besteak beste, hizkuntza eskakizuna eta gidabaimen-motak.

Arrasateko lanpostuetarako baldintzak

5 lanpostu Arrasateko Udalerako, guztiak 2. hizkuntza-eskakizunarekin (euskara) eta derrigortasun-data iraungita. Plazak Administrazio Bereziko taldekoak izango dira, Zerbitzu Berezietako azpitaldea, udaltzain klasea, C sailkapen profesionaleko taldekoak, C-2 azpitaldekoak (C-1 lanpostu-jabetzaren ondoren eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 118.2 artikuluak zehaztutako ondorioekin bat etorriz), lanpostu-mailako osagarria: 17; osagarri espezifikoa: (bi txanda eta garabi zerbitzua) 13.916,00 euro (gehi plusak), 2016 eta 2017ko lan-eskaintza publikoei dagozkienak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak