Pozik egoteko moduko txapelketa egin duzu Italian.
Oso pozik itzuli naiz handik, bai. Negua ez da batere erraza izan, orkatilan min hartu nuen eta kirolari batendako lesionatuta egotea ez da batere samurra. Baina, arazo horiek poliki-poliki atzean utzi eta Europako Txapelketara sasoi betean iritsi naiz.
Pentsa, 26 zentimetrotan ondu zenuen aurreko marka pertsonala.
Bai, txapelketan 15,80 egin nuen, eta txapelketara 15,54ko markarekin joan nintzen. Baina kontua da, egun batzuk lehenago, beste 20 zentimetrotan ondu nuela aurreko marka. Hau da, hilabetean metro erdiko aurrerapausoa egin nuen.
Iñigo Uribarrenek eman zizun aholkurik txapelketa aurretik? Biok sailkatu zarete zazpigarren asteburuan.
Telefonoz egin genuen berba, eta zortea opa izan genion elkarri. Pena da, Uribarrenek ez duelako Espainiako Txapelketan benetan duen maila erakutsi, aurrerago egotea merezi zuen lan galanta egin duelako, baina datorren urtean seguru nago erakutsiko duela, sekulako gaitasuna daukalako. Eta gauza bera Malen Ruiz de Azuarekin, asteburuan ez du zorterik izan, halakoxea da kirol hau, batzuetan sasoian egonda ere txapelketan emaitzak ez direla azaleratzen.
Italian egindako saltoko irudiak asteburutik Goiena.eus atarian daude zintzilik. Lagun askoren zorion mezuak jasoko zenituen.
Bai halaxe da. Harmailetan ere selekzioko ordezkari mordoa zeuden animatzen, eta gurasoak ere bertan nituen. Hasieratik sentsazio onak izan nituen txapelketan. Pistako zorua ona, giro egokia... Hasierako saltoak ez ziren gura modukoak izan, baina tokatzen zen momentuan egin nuen salto ona, azkeneko ahaleginean.
Atleta guztiak ez dira txapelketetan eroso sentitzen, batzuek entrenamenduetan egiten dituzte saio onenak.
Ez da nire kasua. Entrenatzen nagoenean badakit salto horiek ez dutela baliorik, eta ondo egiten saiatzen naizen arren, txapelketetan hazi egiten naiz. Egia da, hor, sentsazio onak izatea oso garrantzitsua izaten dela. Baina, harmailetan jendea animatzen baldin badago, Arrasaten jendea txapelketa jarraitzen dabilela baldin badakit... Hazi egiten naiz eta hor ematen dut onena.
Eneko Carrascal, garai batean Arrasateko atletak entrenatzen ziren tokian, Iturripen.
Sarritan, elite mailako kirola ez da oso bateragarria izaten ikasketekin. Zuk, ordea, atletismoari esker AEBtara ikastera joateko beka lortu duzu.
Halaxe da, bai. Abuztuaren 8an abiatuko naiz Oklahomara (AEB). Etxekoak nirekin etorriko dira, opor egun batzuk pasako ditugu han elkarrekin eta ondoren bertan geratuko naiz ni, abuztu amaieran eskolak hasiko ditut-eta.
Eta, zelakoa izan da beka hori lortzeko bidea?
Iaz hasi nintzen beka lortzeko lanean. Hainbat lagun ditut beka bidez AEBtara joan direnak ikastera, eta iazko Europako Txapelketaren ondoren hainbat enpresekin jarri nintzen harremanetan. Beka lortzeko hainbat aldagai daude, atletismoan dituzun markak garrantzitsuak dira eskaintzak jasotzeko, baina ondoren, eurek egindako bi azterketa gainditu behar izan nituen. Hori guztia eginda, Oklahomako unibertsitatea aukeratu nuen, erakargarriena iruditu zitzaidan-eta.
Eta, zer da ikasiko duzun hori?
Ingenieritza mekanikoa egitera noa. Gurean ere unibertsitate oso onak ditugu ikasketok egiteko, baina ez da horren erraza ikasketak eta atletismoa bateratzea. Eta, AEBtan oso ohikoa da hori.
Han oso ezagunak dira, esaterako, saskibaloiko edo futbol amerikarreko liga unibertsitarioak.
Bada, atletismoan gauza bera gertatzen da, unibertsitateen liga oso garrantsitzua da. Nire asmoa da lau urteak han egitea, eta ondoren etxera etortzea, baina joango gara ikusten. Izan ere, unibertsitate ikasketak egin eta gero atleta profesional izateko pausoa eman behar duzu, marka komertzial baten babesarekin, eta hori ez da batere erraza izango.