2017an hamabi salaketa indarkeria matxistagatik

Xabi Gorostidi 2017ko uzt. 27a, 18:01

Irudia: Navarra Orain

Hori da orain arte urteak utzi duen balantzea Arrasaten. Azken erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egingo da gaur, 19:00etan, Herriko Plazan, eta alderdi politikoek euren kezka azaldu dute zifra esanguratsu horren atzean dagoen errealitatearekiko.

Emakumeen aurkako biolentzia protagonismo berezia izaten ari da aurten, eta hori salatzeko herriko plazan egindako elkarretaratzeak ez dira gutxi izan. Azkena gaurkoa izango da, Emakumeen Mundu Martxak deituta, domekako azken erasoa gaitzesteko.

"Erailketa matxistekin batera, emakumeen aurkako sexu bortizkeria eta eraso fisikoak dira emakume eta gizonen arteko desorekaren adierazgarri latzenak. Indarkeria matxistak, ordea, aurpegi asko dauzka eta hau errotik desagerrarazi nahi badugu, ezinbestekoa da herritarron zein erakunde publikoen erabateko erantzukizun eta inplikazioa. Gutako bakar bati erasotzen dioten artean martxan jarraituko dugu!" adierazi dute Emakumeen Martxa elkartetik.

Salaketa kopurua

Baina erasoez gain, salaketa kopurua ere bada errealitate horri neurria hartzeko beste modu bat, eta 2017ko zazpi hilabete hauek zifra kezkagarri bat utzi dute: hamabi salaketa Arrasaten, indarkeria matxistagatik.

Datu kontrastatu hori politikariekin eta eragileekin partekatu du GOIENAk, eta denek azaldu dute horrekiko kezka.

Politikarien erreakzioak

Arrasateko EAJren ustez, " Oso datu txarra da eta argi daukagu gure gizartean pairatzen dugun arazo larri bat dela. Gainera gaia larriagoa bihurtzen da, dauden datuen arabera erasotzaileak kasu askotan gazteak direla agerian geratzen denean, beti pentsatu den arren belaunaldien arteko arazoa zela".  
Gaiarekin lotuta aurreratu dute, Arrasateko Udalak martxan daukala biolentzia matxistaren aurkako plan integralaren esleipena (2018 -2022), eta irailean onartuko dela. Gogoratu behar da gaur egun Udalak martxan daukan plana 2006 – 2010 urtekoa dela.

Arrasateko EH Bilduren hitzetan, "hamabi salaketen datua oso serioa eta larria" da. Horri buelta emateko egun indarrean dauden programak indartzean jarri dute fokua, eta gehitu dute gai estrukturala izanik herri osoari dagokiola horren konponbidean inplikatzea.

Baleikeren ustez egoera kezkagarria da, are gehiago kontuan izanda "eraso ugari ez direla, tamalez, salaketa fasera heltzen".  Gaia konpontzeko "tresna instituzionalak martxan jarri eta areagotzea" politikarien ardura dela esan ostean, gogor kritikatu dute gai hau ez dagoela "udal gobernuaren lehentasunen artean". [Baleikek prentsa oharra atera du gai honi buruz].

Azkenik Irabazitik azaldu dute  hamabiko zifra "astakeria" bat dela, eta gogora ekarri dute udal gobernuak ez duela protokoloa oraindik berritu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak