Juanito Arzmendi eraikina izango da Goikobalu eta Arrasate Musikal taldeentzako egoitza berria. Hori behar bezala atondu, eta "erreferentziazko gune" izateko Arrasateko Udalak lan horietara 6.200.000 euro (7.500.000 BEZa barne) bideratzea erabaki zuen atzo, ezohiko osoko bilkura bitartez. Bi elkarteko horietako ordezkariek bertatik bertara jarraitu zuten ezohiko bilkura.
Lehen interbentzioan Anuska Ezkurrak gainontzeko alderdiei "gaiari kutsu politikoa kentzeko esfortzua" egitea eskatu zuen, Arrasateko 800 familia inguruk erabiliko duten eraikina izango delako. Euren programan berebiziko lehentasuna duen proiektua izan arren, gainontzeko alderdien babesa eskatu zuen, proiektuak "Arrasateko musikagintzak duen behar bat estaliko duelako".
Baleikeko Igor Urizarren hartu zuen hitza jarraian. Arrasate musikagintzan "errefente izan den herria" dela esan zuen, eta zentzu horretan herriko musikariek "ganorazko" eraikin baten beharra dutela gaineratu zuen. Hala ere, EAJ eta PSE-EE udal gobernuaren formak kritikatu zituen. "300 orri baino gehiagoko txosten bat osoko bilkura baino 5 egun lehenago jasotzeak, ez du proiektua aztertzeko beharrezko tarterik uzten" esan zuen. Zalantzak azaldu zituen, eraikin berriaren erabilerarekin, finantziaziorekin eta mantenuarekin lotuta. Horrez gain, proiektuaren onarpena atzeratuz gero, Baleikeren babesa izan zezakeela esan zuen.
EH Bilduko Eneko Barberenak, aitortza eta kritika bat eginez hasi zuen bere hitzaldia. "Udal gobernuak lan ona egin du teknikariekin eta eraikina erabiliko duten elkarteekin, ez ordea, alderdi politikoekin". Dokumentazio beranduegi jaso izana ere salatu zuten, eta kezkak azaldu zituzten eraikina nortzuk erabili ahalko duten jakiteko. Zentzu horretan Arrasateko musikagintzan dabiltzan beste eragile batzuek bertan izan dezaketen esku hartzea zehaztu gabe dagoela esan zuen, adibide gisa Gaztetxean dagoen sorkuntza kulturala jarriz.
Irabaziko Juan Luis Merinok, eraikinaren "erabilera unibertsala" zalantzan jarri zuen, eta Arrasate Musikal eta Goikobalu elkarteentzat "neurrira egindako traje" bezala definitu zuen proiektua.
Bozketa unea
Eztabaidak, eta interbentzioak amaitu ostean, botoak emateko unea iritsi zen. Lehenik eta behin, onarpena atzeratzea botatu zuten, baina oposizioak aldeko botoa eman arren, udal gobernuaren aurkako botoek bertan behera utzi zuten atzeratzea. Ondoren, kontratazio prozedura onartzeko bozketan, EAJk eta PSE-EEk alde botatu zuten, EH Bilduk abstentziora jo zuen eta Baleike eta Irabazik aurka botatu zuten.
Gaurtik hasita, proiektua eraikitzeko pleguak ikusgai daude Europako eta Espainiako buletin ofizialetan. Birgaitze lanak egin nahi dituzten eraikuntzako enpresek, 52 eguneko tartea izango dute euren proposamenak lehiaketa publikora aurkezteko.