Arrasateko 'Partaidetzazko Aurrekontuak' 352 proposamen jaso ditu

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko uzt. 27a, 09:58

Aurrekontu parte hartzaileen proposamen fasea "arrakastatsua" izan dela jakinarazi du Arrasateko Udalak. Guztira 352 proposamen jaso dira, nagusiki hirigintza, kirola, kultura, euskara eta hezkuntza arlokoak. Orain, udal taldeek proposamen guztien bideragarritasuna aztertuko dute, urria bitartean.

Arrasateko Partaidetzazko Aurrekontuen proposamen fasea amaitu da, eta udal taldeek (EAJ, EH BILDU, PSE – EE, Baleike) "eskerrik beroenak" eman dizkiete parte hartu duten arrasatear guztiei. Alderdi politikoek adostutako ekimenaren helburua, datorren urtera begira, udal aurrekontuetan herritarren inplikazioa lortzea izan da. Arrasatearren parte-hartze eta erabakimena sustatzeko, haien esku utzi dituzte 2018ko aurrekontuetako 250.000€; beraiek proposatu eta erabaki dezaten zertara bideratu diru kopuru hori. 

Ekainaren 28tik uztailaren 15era bitartean arrasatearrek beraien proposamenak egin ahal izan dituzte, bai Internet bidez, bai horretarako Udalak espresuki jarritako stand edota BAZ, udal eraikin eta auzoetako kutxen bitartez ere.

352 proposamen

Aurrekontu parte hartzaileen lehen fasean 352 proposamen jaso dira guztira. Udalak jakinarazi duenez, biderik erabiliena Internet izan da, 149 proposamenekin. Jarraian, BAZ, udal eraikinak eta auzoetako kutxak (138) eta azkenik stand-ak (65) erabili dituzte proposamenak egiteko. Jasotako ideiak asko eta mota askotarikoak izan dira, baina orokorrean, hirigintza (217), kirola (66) eta kultura, euskara eta hezkuntza (20) arloarekin loturikoak nagusitu dira. Horien artean, proposamen gehienak mugikortasunaren eta jolas-parkeen ingurukoak izan dira.

Horren harira, udal taldeak "oso kontentu" azaldu dira eta eskerrak eman dizkie arrasatear guztiei beren ekarpenengatik eta oro har, prozesuko lehen fase honetan parte hartzeagatik. Orain, urria bitartean proposamen guztien bideragarritasuna aztertzeari ekingo zaio. Horien artean ezarritako irizpideak bete eta bideragarriak direnak sailkatuko dituzte azken faserako. Behin zerrenda hori osatuta, Arrasaten erroldatutako 18 urtetik gorako pertsona orok sailkatutako proiektuak bozkatu ahal izango ditu. Bozkatuenekin 2018an gauzatzeko proiektuen behin-betiko zerrenda egingo du Udalak 250.000 eurotara iritsi arte.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak