Lotara, indarberrituta esnatzeko

Xabi Gorostidi 2017ko uzt. 21a, 10:35

Irati Tabernako barraren argazki zahar bat. Eraberritzerakoan, barra egun jantokia dagoen lekura aldatuko dute.

Irati Tabernak ateak itxiko ditu denboraldi batez, erreforma sakonak egin eta itxuraldatuta berragertzeko. Ostean elkarteak eta tabernak espazio bakarrean egingo dute bat, herritarrentzako "erreferentzia gune" izaten jarraitzeko helburuarekin. Uztailaren 26ko kubatar jaiko azken mojitoarekin itxiko dituzte ateak.

1980. urtean zabaldu zituen ateak Irati Herriko taberna proiektuak, eta denboraren poderioz berritzeko beharra sumatu dute 37 urtetan barku hau gidatu dutenek. "Irati Taberna ostalaritza eremu bat baino askoz gehiago izan da bere jaiotzetik. Ezker abertzalearen apustu bat izan da, herritarrak erakartzeko eta herrigintza egiteko zentro izatea helburu izan duena" azaldu du Amets Beltran de Guevara Sortuko kideak. "Hala ere, 37 urte dituen eraikina da, eta badu berritzeko beharra".

Momentu honetan tabernaren osasun maila ez dago bere onenetan, garai hobeagoak izan dituelako. Horren zergatiei buruz galdetuta, ondorengo hausnarketa egin du Beltran de Guevarak. "Hainbat faktore ikusten ditut nik. Duela urte batzuk, Biona edo Lagunilla martxan zeudenean, Ferrerias inguru hau aisialdirako gune zentrikoa zen, baina gaur egun aisialdi gune hori Arbolapetatik Uarkapera bidean kontzentratzen da. Eta bestalde, gazteengan ere desideologizazio efektu bat ere dago. Politika eta herrigintza ez daude batzuen lehentasunen artean, eta hori ere faktore garrantzitsua da. Nolabait, Irati Tabernaren eraberritze proiektuak egoera horiei buelta emateko helburua du. Gazteentzako eta herritarrentzako erakargarria den elkargune izatea, alegia".

Politikaz harago

Sortu zenetik gaur egunera arte, makina bat bilera eta batzar egiteko gune izan dira Irati Taberna eta Arrano Elkartea. "Ezker abertzalearen proiektua izanik, elkargune garrantzitsua izan da gure proiektuak aurrera eramateko. Baina pareta hauen artean politikaz harago dauden beste milaka gauza antolatu dira. Maritxuak, Santamasak edo laster etorriko diren Ferreriaseko jaiak ere bai. Urte luzez egon ziren kale honetako jaiak egin gabe, baina elkartean egindako bileretatik hasi ziren jaiak hauspotzen" azaldu du Kepa Ormaetxea Sortuko kideak.

Beltran de Guevararen ustez ere, Iratik beti izan ditu ateak zabalik. "Jaiez gain, bertso eskolak ere egin izan dira elkartean, eta beti egon da zabalik ezker abertzalearen filosofiarekin bat egin duten mugimenduei babesa emateko; AHTren aurkako plataforma, Etxerat ... Herrigintzarekin, justizia sozialarekin, feminismoarekin eta euskalgintzarekin lotura duen orori babesa emateko gune izaten jarraituko du. Auzolan filosofia duten herritar taldeen estalpe izateko asmoarekin".

Itxuraldatze sakona

Lanak egin ostean ikusi ahalko den Irati berriak, aldaketa sakonak izango ditu espazioaren antolaketari dagokionean. "Lehenik eta behin, karkaba bat egitera behartuta gaude, alde zaharreko lege urbanistikoek behartuta. Hala, elkartearen barra eta tabernako komunak lerratuta dauden tarte guzti hori Udalak espropiatuko digu".

Taberna eta elkarteak bat egingo dute, "gune multifuntzional" bat sortuz, non ekintza kultural ezberdinak egin ahalko diren. "Orain arte ere eskaintza kulturala egon izan da, baina proiektu berrian hori indartzeko ahalegin berezia egingo dugu, eta modu egonkorrago batean landuko da gai hau. Hala, kontzertuek, bakarrizketek, hitzaldiek, aurkezpenek edo erakusketek presentzia handiagoa izatea lortu nahi dugu".

Tabernaren kokapena elkartea dagoen tokian dago aurreikusita. "Buruan daukaguna, taberna elkarteko jantokia dagoen alderdian jartzea da. Aldiz, aisialdi gunea egun taberna dagoen lekuan joango da, eta eszenatoki moduko bat izango du. Espazioaren antolaketarekin lotuta, orain arte Iratiko dekoratuan beti izan ditugu herriko presoen argazkiak, eta gustatuko litzaiguke gune berrian argazki horiek gero eta leku gutxiago izatea. Seinale ona litzateke".

Eraikin berriak sukaldea izango du, baina printzipioz afiliatuek ezin izango dute orain artean bezala erabili. Hala ere, Sortutik ez dute baztertzen aurrerantzean afiliatuek bazkariak edo afariak egiteko aukera izatea.

Esperientziadun gidariak

Eraberritzearen ondoren eskarmentudun bi pertsonek hartuko dute Iratiren ostalaritza alorraren gidaritza; Aitor Urizarrek eta Gorka Morrasek. Biek ala biek bizitza osoa daramate ostalaritzan lanean; lehenak Osorik, Gure Leku edo Ekaitz tabernatan, eta bigarrenak Iluntz tabernan. "Eskarmentudun pertsonak nahi genituen. Ez bakarrik ostalaritza alorrean, baita kulturgintzan eta herrigintzan esperientzia zutenak. Zentzu horretan, biek betetzen dituzte baldintza horiek. Epe luzerako proiektua da, eta horretarako konfiantzazko lan-talde bat bilatzea izan dugu helburu" azaldu du Beltran de Guevarak.

Kubatar iraultza ospatuz itxiko ditu ateak Iratik, uztailaren 26an, eta dena ondobidean 2018 hasiera aldean eraberrituta egotea da asmoa. "Era honetako eraikuntza lanak egiterakoan, denetarik gertatu daiteke, eta zaila izaten da lanak amaitzeko data bat zehaztu, eta ondoren asmatzea. Hala ere, ezustekorik ez badago, 2018a hasteaz bat berriz zabaltzea da gure aurreikuspena".

Iratiren sorrera: 1979ko udal hauteskundeak

Demokraziako lehen udal hauteskundeak 1979ko apirilean egin ziren. "HB urte bat lehenago eratu zen, eta Arrasateko udalean sartzeko lanean ari ginen: listak osatu, propaganda egin... baina ez geneukan horretarako leku fisikorik. Garai hartan, Centro de Acción Católica-ren egoitza hutsik zegoen, eta bertan egin genuen kanpaina" azaldu du Kepa Ormaetxeak.

Lokala lortzeko prozesua

1979ko udal hauteskundeen ostean Arrasateko HBtik buru belarri jarri ziren lokal baten bila. "Udal taldea osatuta, lan batzorde bat eratu zen; diruzaintza, arlo juridikoa, ... eta niri lokal bat bilatzeko ardura eman zidaten" azaldu du Ormaetxeak.

"Elkartea dagoen eraikina libre zegoen, eta jabeekin akordiora heldu ginen. Baina tabernaren eraikinaren jabeek hitzartuta zeukaten lokala Beasaingo ostalari bati ematea. Planoak eta bestelako  gauza batzuk eginda zituztela ikusirik, egindako gastuak estaltzeko, eta guri lokala uzteagatik kalte ordain gisa, ia 800.000 pezeta inguruko eskaintza bat egin genien. Diru asko zen garai horretarako, eta denboratxo bat pasa ondoren baietz esan ziguten. Baina hurrengo egunean diru gutxi zela esan ziguten, eta ez zigutela lokala utziko. Hala ere, lokala oraindik erosi gabe zeukaten, eta jabeei gertatutakoa kontatu genien. Onartu ostean, diru gehiago eskatu zigutela ohartu zirenean, zera esan zieten Beasainekoei: Hauek garbi jokatu dute eta eskaintza justu bat egin dizuete. Beraz, ez baduzue euren eskaintza onartzen, ez dizuegu lokala salduko. Eta halaxe eskuratu genuen tabernaren eraikina".

Euskal Herriko lehen 'herrikoa'

Gaur egun Euskal Herriko txoko askotan ikus daitezke Herriko Tabernak edo arranoak. Baina Arrasateko Irati izan zen guztietan lehena, eta eurek jarraitutako eredua jarraitu zuten beste askok. "Beste herri batzuetatik etortzen ziren, eta galdetzen ziguten: Nola egin duzue? Nola lortu duzue finantziazioa? Beraz, Iratira gonbidatu eta jarraitutako prozesua azaltzeko bilerak egiten genituen bertan. Ostean herrialde mailako bilerak egin behar izan genituen guk jarraitutako eredua era masiboagoan azaltzeko" azaldu du Ormaetxeak.

Segurtasun neurri bereziak

1980an eraiki zenez segurtasun neurri bereziak ditu Irati Tabernak. "1980. urtean muturreko eskuindarrek atentatuak egin zituzten tabernatan. Gogoratzen dut, Alonsotegin, EAJko jabea zuen taberna batean bonba jarri zutela eta lau hildako izan zirela. Hori ikusirik, segurtasun teknikari bat kontratatzea erabaki genuen. Ateetan 7mmko altzairuzko xaflak jarri genituen, eta kanpoaldera ematen duten leihoetan, aldiz, banketxetan erabiltzen ziren kristal lodiak, balen aurkako sistemarekin" azaldu du Ormaetxeak.

Komuneko paretatan arreta berezia jarri zuten. "Bonbetako asko komunetako galdaretan jartzen ziren. Beraz, Irati tabernako komunetako paretak zementu armatuarekin eta altzairuzko xaflazko errefortzuarekin egin genituen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak