Arrasateko EH Bilduk plazaratutako oharra honakoa izan da:
Musakolako Kiroldegiak 40 urte bete dituela eta, egundoko ospakizuna antolatu gura izan du PNV-PSOE udal gobernuak. Sarreran argazkiak jarri dituzte, igerilekuan ekintzak antolatu eta, bukatzeko, Maria Ubarretxena alkateak argazkia atera du. Nola ez. Ez dugu eztabaidan jarriko 40. urteurren batek halakorik merezi ote duen. Baina, ez dugu duda egiten, antolaketa nola joan den jakinda, udal gobernu honen itxurakeria, inprobisazio maila larria eta gaitasun faltaren beste adibide garbi bat izan denik.
Ezin baita azaldu, bestela, nola kontratatu duten zerbitzua euskaraz eskaintzeko gai ez den enpresa bat umeendako urpeko jolasak dinamizatzeko. Ekintzaren aurrekontua arrasatearron hizkuntza eskubideak baino garrantzitsuagoa ote?
Ezin baita azaldu, bestela, nola jakin zuten prentsaren bitartez 40 urte hauetan Arrasateko Alkate izan direnek hurrengo astean urteurrena ospatzeko ekitaldi batean parte hartuko zutena. Horraino iritsi baita antolaketaren inprobisazioa. Alkateok prentsan irakurri eta gero jaso zuten gonbidapen ofiziala udal langile baten telefono deiaren bitartez. Zer helburu izan zezakeen gonbidapen horrek argazki ponpoxo bat ateratzetik harago? Eta, are gehiago, ez al zuten merezi ekitaldi horretan parte hartzea, Alkateez aparte, 40 urteetan kiroldegian, aldez edo moldez, aritu diren kirol elkarteetako boluntarioek, udal langileek, AUKEA erakundean parte hartu izan duten zinegotzi ohiek, Kontseiluko kideek eta abar eta abar? Ez dago dudarik ondotxo merezi zutena. Baina, jakina, ez zegoen horretarako interesik. Edota presaren presaz antolatutako ekitaldi baterako ezin da gehiago espero.
Funtsean, edozein gertakari da aitzakia borobila PNV-PSOE gobernuarentzat astero- astero argazki mediatiko bat justifikatzeko. Azala da garrantzitsua. Mamia, ez hainbeste.
Ezin baita azaldu, bestela, udal gobernua kirolaren aldeko irudia ematen ari den aste honetan, herriko ehunka haur eta gazte kirolaren bueltan batzen dituen Leintz Eskola Kirola proiektuak 2015-2016 ikasturteko Udal diru-laguntzaren %40a oraindik jasotzeke izatea. Eta, noski, honezkero bukatu den 2016-2017 ikasturteko diru- laguntzatik, zentimorik ere ez. Bi ikasturte bukatuta eta gaia herriko kirolaren arduradun politikoen mahai gainean geldik, ez diotelako inolako lehentasunik eman.
Eta hauxe da Arrasateko kirolaren atzean dagoen benetako egoera. Argazkien flashek ikusten uzten ez dutena.