Gazteek etxebizitza errentan hartzeko 20.000 euro gehiagoko diru laguntza jarri du Arrasateko Udalak

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko uzt. 19a, 12:22

Ekainaren 29ra arte, 31 eskaera jaso ditu Arrasateko Udalak, gazteek etxebizitza errentan har dezaten daukaten diru laguntzetan. Martxoaren 9an onartu zuen Udalak horretara 30.000 euro bideratzea, eta ekainaren 29ko gobernuko juntan diru laguntza hori beste 20.000 euroan handitzeko erabakia hartu zuten.

2017ko martxoaren 9an onartu zuen Udalak gazteek etxebizitza errentan har dezaten, 30.000 euroko poltsa bideratzea, eta hilabeteko epean eskaria egiten zutenek atzera-eraginkortasunez kobratu ahal izan dute diru laguntza hori. Hau da, urtarrilaren 1etik aurrerako laguntza jaso ahal izan dute. Hilabeteko epe horren ostean eskaera aurkeztu dutenek, berriz, eskaeraren momentutik aurrera jaso dute laguntza.

29 eskaera onartuta

Guztira, ekainaren 29ra arte, 31 eskaera jaso dira; batzuk norbanakoek aurkeztutakoak, eta beste batzuk, bizikidetza unitatekoak. 31 horietatik 29 onartu dituzte, bi kasuk ez zutelako baldintzak betetzen. Hauxe azaldu du Gazteria zinegotzi Ander Garaik: "Guztira, 29 eskaera horien kantitate totala 45.000 euro dira. Guk hasieran esan genuen 30.000 euroko poltsa bat zegoela, baina behar izanez gero handitu egingo zela. Orduan 2017ko ekainaren 29ko gobernu juntan erabaki zen 20.000 eurotan handitzea kantitate hori. Beraz, 50.000 euroko poltsa bat izango dugu".

Kasu bakoitza banan aztertu dute eta bakoitzak gehienez 250 euro jasotzeko aukera dauka hilabetean.

Eskaera berriak

Garaik gogora ekarri du gainera, eskaera berriak jasotzeko gertu daudela eta abendura bitartean eskaera berriak egin ahal izango direla.

Udalak hurrengo urtean ere diru laguntza hori eskaintzeko asmoa daukala baieztatu du Garaik eta aurrera begira ere laguntza horrekin jarraitzea dela euren asmoa. Izan ere, gaineratu du ez zutela espero hain denbora gutxian horrenbeste eskaera jasotzea, eta horrek animatu egin dituela diru laguntza horiek mantentzera.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak