goiena.eus

Apirilean ustez pertsona bat hiltzen saiatu zen gizonezkoa atxilotu dute

  Gizartea  Arrasate

Eguaztenean atxilotu zuten, Arrasaten, Ertzaintzako Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko agenteek apirilaren 12an, San Andres auzoan, ustez gizonezko bat tirokatu zuen pertsona. Atxilotua Aita Menni zentroko unitate psikiatrikoan espetxeratu dute.

San Andres auzoko Kurtzetxiki plazan, hiru seme-alabekin zegoen 40 urteko gizonezko batek su-arma baten tiroa jaso zuen apirilaren 12an. Jaurtigaia bizkarretik sartu zitzaion eta bihotzaren ondoan geratu, ondorioz, ebakuntza egin behar izan zioten Donostia ospitalean. Ertzaintzako Polizia Zientifikoko espezialistek lekuan bertan egindako ikerketaren ondorioz, 9 mm kalibreko zorro bat aurkitu zuten: "Horri esker jakin zen eraldatutako arma detonatzaile batekin (debekatuta dago) egin zutela tiro, eta eraldatutako munizioa erabili zutela".

Joan den eguaztenean atxilotu zutenean Bruni markako arma laburra (eraldatua) zeramala gerriko poltsa batean adierazi dute Segurtasun Sailetik: "Baita zortzi kartutxo ere, horietako bat, gainera, errekamaran, tiro egiteko gertu". Eta adierazi dute ondoren egindako azterketa teknikoen bidez ziurtatu ahal izan dutela apirilean pertsona bat hiltzen saiatzen erabilitakoa berbera dela. Atxilotuaren etxebizitza miatu zutenean eraldatutako munizio gehiago aurkitu zutela ere jakinarazi dute Ertzaintzatik, baita substantzia estupefazienteak ere (haxixa eta marihuana).

Ertzaintzaren ikerketaren arabera tirokatu zuen gizona "ausaz aukeratu" zuen erasotzaileak, bien artean aurretik ez baitzegoen inolako loturarik, "seguru asko buruko gaixotasunen batek bultzatuta". 

Kasuaren instrukzio-epaileak erabaki du pertsona hori behin-behineko espetxealdian sartzea Arrasateko Aita Menni zentroko Psikiatria Legaleko Unitatean.

Beste bi atxilotu

Operazioan beste bi gizonezko atxilotu dituztela ere jakinarazi dute: "Biek dute zerikusia atxilotuarekin eta armak legez kanpo edukitzearekin, baina ez dute loturarik hilketa-saioarekin".

Atxilotuetako bat oñatiarra da, 20 urte ditu eta beste arma bat aurkitu diote, lehenengoaren antzekoa eta eraldatutako munizioarekin. Bigarren atxilotuak 25 urte ditu, eta Otxandiokoa da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa