Espainiar bandera txiki bat jarri dute Arrasateko udaletxean

Xabi Gorostidi 2017ko uzt. 14a, 18:00
Espainiar bandera txikiak ikurrin bat du alboan

Guardia Zibilak ekainaren 27an ateratako argazki batzuen ostean derrigorrezko exekuzio batek behartuta jarri dute. Orain arte ez jartzeko argudioa izan da Udalak ez duela ohikotasunez banderarik jartzen, baina ekaineko argazki horietan Arrasateko bandera eta ikurrina ageri dira, San Juan jaiak zirelako.

Irudia: Makalagatik argi ikus daiteke San Juan jaien baitan atera zituela argazkiak Guardia Zibilak.

 

Bandera jartzearen kontua aurreko legealditik dator , 2015etik hain zuzen, Udaletik helarazi duten egitateen kronologian ikus daitekeen bezala.

Guardia Zibilak ateratako argazkiak baliatuta Estatuko Abokatuak mezua bidali zion epaileari. Horren aurrean errekurritzea oso zaila zela esan zuten Arrasateko Udaleko aholkularitza juridikoko kideek, eta "ahalik eta azkarren jartzea" gomendatu zuten, bestela hori ez egitearen erantzukizun juridikoa alkatearen gain geratuko zelako.

Hala, alderdi politiko guztiei abisatu ostean, eta aholkularitza juridikoaren gomendioa jarraituz, Udaletxeko eskuin aldeko leiho batean bandera txiki bat jarri zuen Udalak, alboan tamaina bereko ikurrin batekin.

Egoera Debagoienan

Eskualdeko beste herri batzuetan ere jarri dituzte Espainiar banderak; Antzuolan, Gatzagan, Aramaion, Bergaran edo Eskoriatzan. Aretxabaletan, aurretik jarri arren, une honetan ez dago jarrita, eta Elgetan ez dute oraindik jartzearen alde egin. 

 

 

Irudia: Guardia Zibilak ateratako argazkian Arrasateko bandera eta ikurrina Udaletxeko balkoian.

Egitateen kronologia

  • Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzak, estatuko abokatuaren bitartez administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen. Egitate horren berri udalak jaso zuen 2015eko urtarrilaren 26an. Horren bidez hasi zen 17/2015 prozedura arrunta.
  • Udala prozeduran bertaratu zen, Alkatearen 2015eko otsailaren 10eko ebazpenaren bitartez, eta ondoren jasotako demandaren erantzuna aurkeztu zuen.
  • Administrazioarekiko Auzien Donostiako 2. Epaitegiak 91/2016 epaia eman zuen, 2016ko maiatzaren 3an. Bertan honakoa erabakitzen da: “estimo integramente el recurso contencioso-administrativo interpuesto por el abogado del Estado en la representación que legalmente ostenta de la Administración del Estado, contra la actividad administrativa referenciada en el fundamento de derecho primero de esta sentencia, y en su virtud dispongo que en el exterior del Ayuntamiento de Arrasate y en el lugar preferente de su interior, esto es en el Salón de Plenos, ondee de manera permanente la bandera de España, condenando a la administración demandada a estar y pasar por dicha declaración. Con expresa imposición de las costas a la parte demandada.”
  • Aipatutako sententziaren aurka, Arrasateko Udalak apelazio helegitea jarri zuen EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean eta honek epaia eman zuen, 438/2016 epaia, 2016ko urriaren 19an, honakoa erabakiz: “Que debemos desestimar y desestimamos el recurso contencioso-administrativo interpuesto por el Ayuntamiento de Arrasate-Mondragón contra la sentencia dictada el 3 de mayo de 2016 por el Juzgado de lo contencioso-administrativo nª2 de Donostia en el rcurso contencioso-administrativo numero 17/2015, confirmando la sentencia apelada, e imponemos al apelante las costas de esta instancia”.
  • Udalak sententzia hori jaso zuen 2017ko urtarrilaren 24an.
  • Estatuko Abokatuak, Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkaritzak hala eskatuta, apirilaren 14an ateratako argazkietan oinarrituta, Administrazioarekiko Auzien Donostiako 2. Epaitegiari eskatu zion, maiatzaren 19ko idatziaren bidez, Arrasateko Udala epaia betetzera derrigortzea, argazki horietan ikusten zenaren arabera ez baitzeukan Espainiako bandera balkoian jarrita. Aurkeztutako idatzian eskatzen du bete ezean, Alkateari multa hertsatzaileak jartzea edota testigantzak aurkitzea zigor arloko ardurak ezarri ahal izateko.
  • Udalak epaitegiaren errekerimenduari erantzun zion esanez, udalak ez zuela bandera bat ere jartzen ohikotasunez, eta ohitura hori ohitura historikoa zela. Ondoren, eta epaitegiak horretarako emandako epean, Udalak bere prokuradorearen bitartez argudiatu zuen udalak ez duela ohikotasunez, inoiz banderarik jarri izan eta hori defendatzeko hainbat argazki atxiki zituen, urte eta une ezberdinetan ateratakoak, non udaletxeko balkoian ez dagoen bandera bat ere.
  • Estatuko Abokatuak beste idatzi bat sartu du Administraziorekiko Auzien Gaietako Epaitegian, 2017ko uztailaren 6an, sententziaren derrigorrezko exekuzioaren prozeduran aurrera jarraitzeko eskatuz, zeina oinarritzen den 2017ko ekainaren 27an ateratako argazkietan. Kasu honetan, herriko jaiak izanik, Arrasateko bandera eta Ikurriña ageri dira Udaletxeko balkoian, baina ez Espainiakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak