Dantza ikuskizunez disfrutatzeko aukera

Ane Vitoria 2017ko uzt. 14a, 11:05

Dantza ukitu berezia du aurtengo Udazabal egitasmoak, eta horren seinale dira gaur arratsaldean eskainiko diren bi ikuskizunak. Topa eta Fade Away, eta bietan estilo ezberdinak uztartzen dira.

Topa ikuskizunak dantza tradizionala eta hip hopa uztartzen ditu. Lau dantzarik osatzen dute; horietako bi Euskal Herriko Kukai Dantza taldeko kideak dira, eta dantza tradizionalean eta garaikidean buru-belarri dabiltza. Beste biak Kataluniako Brodas Bros konpainiako kideak dira, hip hop estiloa lantzen duen konpainiakoak, hain zuzen. "Hasieran, jatorri tradizionala eta hip hopa batzea arraroa badirudi ere, leku ezberdinetatik etorritakoak direla ez da igartzen", esan du Kukai Dantza taldeko zuzendari Jon Mayak.

Iaz Max sarien galan elkar ezagutu zuten Kukaikoek eta Brodas Brosekoek, eta oso feeling ona izan zutela esan du Mayak: "Bi taldeen artean fletxazoa izan zen. Elkarrekin zerbait polita sortu genezakeela uste genuen, bi taldeok dantza indartsu, alai eta dinamikoak egiten ditugulako. Gainera, ikuskizuna kanporik oso modu errazean ikusten da". 

Gaur eskainiko duten ikuskizunak ordu erdi iraungo du, eta askotariko publikoarendako dago egina: "Ikuskizunaren look-a gaztea da; hau da, dantzariek arropa bakeroak erabiltzen dituzte eta musika elektronikoa gailentzen da. Hala ere, publiko zabalarentzat egina dago", adierazi du zuzendariak.

Emanaldi mordoxka

Azken boladan oso lanpetuta dabiltza Topa ikuskizunarekin. Besteak beste, Zipren, Madrilen, Costa Rican eta Gironan izan dira. Eta Euskal Herrian ere hainbat lekutan izango direla ziurtatu du Mayak, hala nola Elorrion, Errenterian eta Zornotzan.

Dantza garaikidea eta urbanoa

Biopiracy proiektuaren bigarren partea da Fade Away. Ziomara Hormetxe dantza konpainiaren eskutik dator dantza ikuskizun hori, Toparekin batera gaur arratsaldean izango dena. "Bigarren atal hau etorkizun utopiko baten isla da, non gizatasuna nolabait alde batera uzten den. Sentimenduak eta emozioak erradikalizatzen dira eta robot bilakatzen gara", esan du dantzariak. 

Horretarako, mugimendu desartikulatuak lantzen dira, eta Hormaetxerekin batera beste bi dantzari izango dira, dantza urbanotik datozenak. "Dantza garaikidea lantzen da, baina urbanoaren pintzeladak ere baditu. Gainera, hiruron artean, koreografikoki joko antzeko bat sortzen dugu", azpimarratu du. 

Ikuskizunaren kaleko formatua Arrasaten estreinatuko da, baina barruko ikuskizunarekin Hego Korean izan da taldea eta abuztuan, Detroiten izango da, Ameriketako Estatu Batuetan. 

Bi dantza emanaldi hauek gaur arratsaldeko 20:00etan eskainiko dira Zaldibarreko frontoian, bata bestearen ondoren. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak