Lau atso sumindu, lau amona iraultzaile; horiek dira Femmes antzezlanaren protagonista nagusiak. Emakume aldarrikatzaileak dira horiek, gizartearen desilusio, atsekabe eta nahigabearekin ohartuta daudenak.
Egoera horren aurrean, euren aldarrikapena egingo dute iraultzaren bitartez. Hedabideetan zein kalean ikusten dutena oinarri izango da euren iraultza egiteko. Bada, zigor bidea euren esku hartuko dute, eta, horretarako, mugimendu berri bat sortuko dute; oldarkortasunezko metodo zentzugabeen eta protesta erabat desegokien bitartez sortua dena.
Lau amona horientzat, eurek sortutako mugimendua mundua iratzarriko duen mugimendua izango da. Gai iraultzailea lantzen duen eta Hortzmuga Teatroaren eskutik datorren antzezlan hori ikusteko aukera domeka, arratsaldeko zortzietan izango da Seber Altube plazan.