Artesturak Feministak erakusketa ibiltaria

Ane Vitoria 2017ko uzt. 14a, 10:00

2016an sortutako Emakumeen Etxeen Sareak Artesturak Feministak lehiaketa antolatu du. Horren helburua emakumeen sormena eta produkzio artistiko feminista bultzatzea da; baita ikusgarri egitea eta aintzat hartzea emakume horien lanak.

Artea sustatzen duen lehiaketa horren helburua artea sortzen ari diren emakumeak ezagutzera ematea da, artea lanbidea izan edo ez izan. Horretarako, erakusketa ibiltaria egingo dute, zeina emakumeen etxeen sare guztietatik pasako den. Izan ere, emakume etxeak espazio feministak dira, parte hartzea bultzatzeko sortu dituztenak. Horiek topalekuak dira; hain zuzen, leku erreferenteak udalerrian, ahalduntze prozesuak eta programak dinamizatu eta bideratzeko balio dutenak, banakakoa zein kolektiboa izan. Bada Arrasateko Emakumeen Txokoa da Emakumeen Etxeen Sareen kide.

Sarearen jatorria

Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen Etxeen Sarea 2016an sortu zen, eta horren helburu nagusia emakumeen etxeen proiektua indartzea da. Horrekin batera, proiektua ikusgarri egitea zein bultzatzea bilatzen du. Horretarako, printzipio komun batzuetatik abiatzen da sarea, hala nola emakumeei berezko espazio bat eskaintzea, haien parte-hartze sozial eta politikoa sustatzea politika publikoetan parte har dezaten eta laguntza zein elkartasun sareak sortzea. Baita haien ahalduntzea sustatzea ere, banakakoa zein kolektiboa izan.

Joan den urtean, sare horrek proiektu bateratu bat jarri zuen martxan: Testura izeneko bertso saio bat, hain zuzen ere. Eta hura udalerri guztietan programatu zen. Aurten, aldiz, Artesturak Feministak lehiaketari ekin dio sareak. 

Aurten lehiaketa

Lehiaketa horretara aurkezte diren lan guztien artean, kalitate artistiko handienak dituzten lanak aukeratuko dira. Eta aintzat hartuko dira Emakumeen Etxeen Sarearen filosofia eta helburuak ondoen agertzen dituzten artelanak. Hori izango da azken lanak aukeratzeko irizpidea, eta, horren arabera, sariak banatuko dira. 

Lehiaketa horretan 400 euroko zortzi sari banatuko dira; baita 200 euroko zortzi aipamen berezi. Esan behar da irailaren 29a izango dela lehiaketa horretan parte hartzeko azken eguna. 

Baldintzak

Euskal Autonomi Erkidegoan bizi den 18 urtetik gorako edozein emakumek har dezake parte lehiaketan; eta aurkeztutako lana banakakoa zein taldean aurkeztutako izan daiteke. Artesturak Feministan, ikus-entzunezkoak izan ezik, edozein adierazpen artistiko onartuko dira, hala nola marrazkiak, diseinu grafikoko lanak, margolanak, eskulturak, zeramikak, komikiak eta abar. 

Kasuan-kasuan lan guztiek jatorrizkoak izan behar dute, aurrez argitaratu gabeak, eta ezingo dira beste lan batzuen kopia izan. Gainera, proposamenek lehiaketaren helburuarekin bat egin beharko dute, eta, bereziki, emakumeen etxeen filosofia eta balioak islatu beharko dituzte.

Lehiaketan parte hartuko duten arrasatearrek BAZen aurkeztu beharko dituzte euren lanak.

Kontuan hartuko direnak

Lanen balorazioari dagokionez, irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak: lan proposamenek emakumeen etxeen nortasuna eta balio horiek adieraziko dituztela, feminismoaren aldarrikapenarekin bat egingo dutela eta lanaren beraren originaltasuna eta berrikuntza.

Epaimahaia hiru berdintasun teknikariz, bi arte adituz eta emakumeen mugimenduko eta mugimendu feministako bi ordezkariz osatuko da. Eta lanak aurkeztu eta 30 eguneko epean adieraziko du erabakia. Udalerri bakoitzak sari eta aipamen berezien lana kudeatuko du.

Emakumeen Etxeen Sareak erakusketa ibiltaria antolatuko du, lehiaketa horretan aukeratuak izango diren lan guztiak erakusteko asmoz. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak