Literatura sorkuntzaz, Iparraldeko ikuspegitik

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko uzt. 12a, 13:52

Itxaro Borda idazlea 'EKT' (Euskal Kulturgintzaren Transmizioa) saioan.

Ipar Euskal Herriko literatura sorkuntza gertutik ezagutzeko aukera emango du bihar, eguena, 21:00etan, Goiena telebistan eskainiko den EKT (Euskal Kulturgintzaren Transmisioa) saioak. Bilbo Hiria irratiko Ane Zabala kazetariak Itxaro Borda (Baiona, 1959) idazlea elkarrizketatuko du.

 

Aspalditik dihardu Bordak literatura sorkuntzan; genero ezberdinetako liburuak argitaratzeaz gainera, askotariko artikuluak idazten ditu egunkarietan eta aldizkarietan. 1982an argitaratu zuen Itxaro Bordak lehen poesia liburua; harrezkero, genero ezberdinetako hamaika argitalpen ditu; 2002an Euskadi saria jaso zuen %100 basque eleberriarekin. Bere helburua herri xehearentzat idaztea dela dio lapurtarrak.

Postari idazlea

Ironiarik gabe ez dakiela idazten dio, hori du Bordak ikur eta adierazteko tresna nagusi. Hamaika poesia eta nobela argitaratu izan dituen arren, aitortzen du oraindik ere kostatu egiten zaiola bere burua idazle moduan aurkeztea. "Ogibidez postaria naiz, eta, Iparraldeko sortzaile gehienen moduan, nik ere nire ofizioari ebazten diot idazteko denbora, ez baikara idaztetik bizi. Gaztaroan, berriz, Herria aldizkarian idazten nuenean,  lasai asko nioen idazlea nintzela", dio, barrez, Bordak.

Euskaldun berritua

6 urterekin eskolan hasi zenean euskara galdu zuela kontatzen du. "Parisko osaba batek Piarres Lafitteren hiztegiak bidaltzen zizkigun eta horiei eta Herria aldizkariari esker berreskuratu nuen ama-hizkuntza. Ez dut irudikatzen nire idazkera euskaraz ez bada eta Iparraldeko eremu geografikotik kanpo; hala ere, hizkuntza aniztasunaren onurak aldarrikatzen ditut. Beti uste izan dut hiru opari jaso izan ditudala bizitzan: emakumea jaiotzea; behe mailako klase sozialekoa izatea; eta herri edo nazio txiki batekoa izatea".

Maiatz aldizkari-argitaletxea

1982an Luzien Etxezaharretarekin elkarlanean sortu zuen Maiatz, eta haren bitartez kaleratu zuen Bizitza nola badoan lehen poesia liburua; orain dela gutxi, bide beretik argitaratu du Odolak su gabe diraki izeneko lehen antzerki luzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak