Behin hori eginda, Makatzena auzoan kokatzen den Hondarribia kaleko Hiri Antolamenduaren Plan Bereziaren onarpenak eztabaida sortu du. 40 urtez ezer egin gabe egon ostean, kale horretako urbanizazio prozesua egiteko prozesua jarri da martxan. Bertako bizilagunek alegazioak egiteko epea izan dute, eta Maria Ubarretxenak adierazi duenez, alegazio gehienak kontuan izan dituzte Plan Berezian. "Ezinezkoa da denak kontuan hartzea, bizilagunen artean kontrako jarrerak daudelako, baina bertan bizi direnen interes orokorra errespetatu da".
Hondarribia kaleko irudia Google Maps-en.
Maialen Zabaleta EH Bilduko kideak, prozesu hori beharrezkoa zela esan du, baina faltan bota du alegazio fasea bi hilabetez ez luzatu izana. "Azken orduko presak ez dira aitzakia, eta hori eginez gero, denbora gehiago izango genuke bertako bizilagunen aparkaleku arazoei zehatzago erantzuteko" azaldu du Zabaletak eta ondoren abstenitu egingo direla iragarri du. Baleikeko Igor Urizarrek ere hartu du hitza, eta EH Bildurekin sintonian adierazi du alegazio epea ez luzatu izana, "auzotarrekiko arreta eta errespetu falta" dela. Bailekek aurka bozkatu du, Irabazi ere abstenitu egin da eta planak aurrera egin du EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin.
Mozioen txanda
Jarraian oposizioko taldeek diru sarrerak bermatzeko errenta prestazioaren inguruan aurkeztutako mozioa izan da eztabaidagai. Ekainaren 1ean Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak egindako adierazpenak salatu dituzte EH Bildu, Baleike eta Irabazi alderdietako ordezkariek, eta laguntza hau berregokitzeko eta blindatzeko eskaera egin diote Eusko Jaurlaritzari. Ondoren Oscar Garciak bat egin du Artolazabalek aipatutako 650 euroak nahikoak ez direla esanez, baina hiru alderdiei gogoratu die Gasteizko Legebiltzarrean batzorde tekniko bat eratuta dagoela momentu honetan, non Arrasateko Udaleko alderdi guztiak ordezkatuta dauden. Zentzu horretan akordioetara heltzeko beharra azpimarratu du, eta batzorde horretan dauden alderdikideei adostasunetara heltzeko eskatuko diela gaineratu du. Gai honekiko Anuska Ezkurrak esan du Arrasateko EAJren ustez 650 euro ez direla nahikoa, baina Artolazabalen hitzak "testuingurutik atera" direla. Ondoren bat egin du Garciarekin, batzordeetan akordiotara heltzeko beharrarekin. Mozioak ez du aurrera egin, udal gobernuak aurka botatu duelako.
Eguneko hamargarren puntuan EH Bilduk etxez etxeko laguntza zerbitzua hobetzeko aurkeztutako mozioari buruz hitz egin dute. Itxaro Artolak hartu du hitza, eta ematen den zerbitzuarekiko kezka azaldu du. Herrialde mailako akordioaren beharra aipatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio murrizketa gehiagorik ez egiteko. Anuska Ezkurrak hartu du hitza jarraian, eta esan du Aldundiaren partez ez dela murrizketarik egon, "finantzaketa ereduaren aldaketa bat baizik". Eredu horren arabera, 2018tik aurrera Iturbide Egoitza Aldundiak kudeatuko du KABIAren bitartez, eta etxez etxeko zerbitzuari dagokionez, menpekotasuna dutenena Aldundiak finantzatuko du, eta autonomoena, aldiz, udalek. Ondoren Maria Ubarretxenak gaineratu du, Arrasateko Udalak etxez etxeko laguntzarako 400.000 euroko aurrekontua eduki arren, hau ez dela agortzera heltzen. Zerbitzu hori herritarrentzako erakargarriagoa izateko neurriak hartzea proposatu du, horren prezioa merkatzea adibidetzat jarriz.
Elkartasun keinu adierazgarriak galde eta eskeen tartean
Oscar Garciak hitza hartu du, duela 20 urte ETAk bahitutako eta eraildako Miguel Angel Blancoren izena gogora ekartzeko. "Bere izena gogora ekartzea zilegi iruditzen zait, batez ere, duela 20 urte era horretako aitortza bat egitea ezinezkoa zelako". Eneko Barberenak hitza hartu du, Miguel Angel Blanco gogoan hartzen dutela esan eta gertakari hori ez zela inoiz gertatu behar adierazteko. Zentzu horretan gogoratu du, duela 21 urte bere osaba zen Juan Jose Etxabe hil egin zela kartzelatik gaixo irten eta gutxira. Oscar Garciak "ausarta zara Eneko" esan dio Barberenari. Bere osabaren kasuak eragindako mina ulertzen duela esan, eta elkartasun keinu hori egin izana eskertu dio.