Gipuzkoako Merkataritza Federazioak aurkeztu du gaur, martitzena, Singular Dendak programa. Programa honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du eta, horrez gainera, Arrasateko Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatu du. Izan ere, Debagoienean hamalau bat saltokiz osatuko den sare bat sortzea nahi baita; euren artean lankidetzan arituko direnak.
Saltoki bakoitzaren helburu nagusia bezeroa erakarri eta bertan erosten jarraituko duela ziurtatzea da. Eta, horretarako balio du programa honek, saltoki bakoitza berebizikoa izateko. Era berean, bezeroa zaindu beharko du, esperientzia bat eskaini beharko dio saltokira doan bakoitzean.
Bi urteko lana
Programa aurten abiatu bada ere, duela urte bi jarri zuten martxan proiektu pilotu baten bitartez, non alderdi ezberdinak sustatzen dituen: pertsonak, saltokiak, produktuak eta komunikazioa. Lau faktore horiek ondo kudeatzen badira, saltokiari balorea gehitu ahal zaiola diote bultzagileek.
Metodologia
Programa honen metodologian hainbat pausu jarraitu behar dira. Lehendabizi, saltokiak programan parte hartuko duela onartu behar du eta, ondoren, saltokiaren beraren diagnosiari ekingo zaio. Horretarako, "ikusezin bezeroa" erabiliko da, hau da, bezero batek saltokian produktu bat erosi edota itzuli egingo du. Salmenta horretan jaso duen arreta, dendaren txukuntasuna, denda eta dendariaren arteko koherentzia eta abarrekoak baloratuko ditu bezero horrek. Balorazio horretatik saltokiaren alde positiboak eta hobetu beharrekoak azalduko dira eta, ondoren, hobetzeko akzio planari ekingo zaio.
Plan honek bi zati ditu: batetik, beste saltokien arduradunekin aholku zein gomendioak jasotzeko elkartuko dira (24-26 orduz hainbat astetan zehar), eta, bestetik, saltoki bakoitzak bost orduko aholkularitza izango du. Behin fase guztiak pasata, saltokiak Singular Dendak bezala kontsideratu ahal izango dira. Honetaz guztiaz Gipuzkoako Merkataritza Federazioa arduratuko da.
Programa hau gaur, martitzena, azaldu dute Arrasaten eta parte hartu nahi dutenek astebeteko epea izango dute erabakitzeko sarean sartuko diren edo ez. Datorren astean, Oñatin aurkeztuko dute. Bi udalerrietan, guztira 15 saltoki bateratuko dira.