Asteburuan izan da Junior mailako Espainiako atletismo txapelketa Bartzelonako Granollers herrian. Debagoieneko ordezkariak fin ibili dira eta lehen eta laugarren postu batekin etorri dira, hurrenez hurren, Eneko Carrascal eta Ibai Fernandez, biak Mikel Uribesalgo entrenatzailearen atletak.
Carrascalek urrezko domina lortu du jauzi hirukoitzean 15,33 metroko jauziarekin, bigarren sailkatua baino 2 zentimetro gehiago salto eginda. Lehia estua izan da, lehen hiruak 6 zentimetroko diferentzia izan baitute. Grosseton izango den Europako txapelketan sartzeko jauzi minimoaren bila ere aritu dira lehiakideak, 15,30 metroko jauzi minimoa egin behar zuten sailkatzeko. Carrascalek aldiz, Anoetan eta Ordizian lortua zuen marka minimoa eta hurrengo astean Italiara joango da bertan lehiatzera.
Ibai Fernandezek aldiz, laugarren postua lortu du 100 metroko proban 10,81 segundoko denborarekin, ehunen bakarreko diferentzia izanik bosgarrenarekin helmugan. Marka pertsonala hautsi du bertan Fernandezek, orain arte 10,88ko denbora baitzuen eta hamahirugarrena baitzen rankingean.