Hamabost talde baino gehiagok hartu dute parte gaurko hitzorduan, eta goizetik hasi dira martxan. Beharrezko osagaiak prest izandakoan, sukaldeko tresnak hartu, sua piztu eta lanari ekin diote. Prestatu dituzten arrozen artean, denetarik ikus zitekeen: Saharako errezeta tradizionalak, Kongokoak edota kaneladunen bat edo beste ere bai. Talde bakoitza bere gaitasunaren eta abileziaren arabera aritu da, batzuek sukaldean esku oso ona eskatzen duten errezetak prestatuz, eta beste batzuk, ordea, sinpleagora jota. Izan ere, ez da lehiaketa bat izan, eta arroza bera elkar ezagutzeko aitzakia baino ez da izan.
Parte hartzaileak lapikoaren inguruan lanean zebiltzan bitartean, gainera, musika eta dantza senegaldarrek girotu dute Sebero Altube plaza eta Arrasateko erdiguneko kaleak, jende askoren arreta erakarriaz. Hala, aspertzeko tarterik ez da izan gaur.
Bada, behin talde guztiek euren arroza prest izan dutenean, dastaketa egin dute, eta guztiek gainontzekoek prestatutakoa dastatzeko eta arroza oinarri duten hainbat errezeta berri probatzeko aukera izan dute. Ilara luzea sortu da gainera, bertaratutako guztiek dastatu nahi izan baitituzte munduko arrozak.
"Ikaragarri polita"
Ekimenaren antolaketan aritu den Ekin Emakumeak taldeko Jasone Giraldok balorazio positiboa egin du ekimenak izan duen erantzunaren inguruan: "Oso oso ondo joan da. Egia esan, lehen aldia izanik, sorpresa handia izan da. Egon den giroa, parte hartzea eta elkartrukea benetan pozgarria izan da, ikaragarri polita".