Piaggio, Vespa, eta bestelako Scooter zaharren maitaleek hitzordu interesgarria izango dute bihar, zapatua, Arrasaten.
Mondrallyren zazpigarren edizioaren antolatzaileak gogotsu daude aurten ere, euren motor kuttunen dotorezia Arrasateko bizilagunekin partekatzeko, eta ziur kuxkuxero bat baino gehiago harritzeko moduko piezak egongo direla Herriko Plazan ikusgai.
Zeruari begira
Iazko edizioan eguraldiak ez zuen batere lagundu, eta aurtengo ekitaldirako pronostikoa ez da batere argia.
"Era honetako egitasmoa bat antolatzerakoan beti zaude zeruari begira. Iaz, adibidez, eguraldi kaxkarra izan genuen. gure kasuan, urtean behin elkartzen garenez, pena handia izaten da antolatzaileentzako, ezin baitiogu egunari nahi adina zuku atera. Zapatu honetarako pronostikoa ez da oso argia, baina espero dugu iazkoaren ostean, aurten eguraldia lagun izatea" azaldu Jon Alkorta Mondrallyko antolatzaileak.
Berritasuna zalantzan
Beste urte batzuetan bezala, 11:00etan ekingo diote jaialdiari. "Ordu horretan batuko gara Herriko Plazan. Inskripzioak egiteko aukera izango da, eta 40 euroren truke, kamiseta, partxea eta Larrinetxe jatetxean bazkaria izango dira barne" azaldu du Alkortak.
Behin partaideak elkartuta motor biratxoa egingo dute. "Plazatik abiatu eta Bergara, Angiozar, Elgeta, eta Elorriotik pasatuko gara, ostean berriro Herriko Plazara itzultzeko. Gero Udalan egingo dugu bazkaria eta jaiari bukaera emateko DAt tabernan DJak egongo dira luntx batek lagunduta".
Nobedaderik izango den galdetuta, zera dio Alkortak: "Aurten berritasun gutxi ditugu. Bat aipatzekotan, bazkalostean Larrinetxe jatetxeko terrazan egin nahi dugun pintxadatxoa izango litzateke. Polita izan daiteke, baina kasu honetan eguraldiaren esku gaude".