"Oraingoz ez dakigu askok ikusi ote duten bideoklipa, baina guk behintzat ederto pasatu genuen berau grabatzen, eta horrek balio du", dio barrez Oleagak. "Gainera, orain arte jaso ditugun kritikak positiboak izan dira". Hemen duzue Gorputzak ferekan izenburua duen lana.
Bi egun grabaketa lanetan
Bideoklipa bi egunetan grabatu zuten, duela pare bat hilabete: "Landako inguruetan eta Garagartzan egin genituen grabaketak. Akelarreko irudiak dira Garagartzan hartutakoak, Kobaundi gainean dagoen leku eder baten. Ordura arte ez nuen ezagutzen, eta bai, leku berezia da".
Akelarrea, arauak eta sinismenak
Perlata musika taldekoek akelarre bat irudikatzen dute bideoklipean: "Garai hartan aske izateko horrenbeste borrokatu zirenak gogoan izan ditugu. Orduan, erlijio, sinismen eta arauen bitartez gauzak zelan egin behar zituzten inposatzen zieten herritarrei, eta gaur egun hori ez da askorik aldatu, erakutsi digute modu bakarra dagoela gauzak egiteko, eta horren kontra egiten du bideoklipak".
Bideoklipa emanaldi batzuetan erakusteko asmoz dabiltza, nahiz eta udan geldirik egongo diren: "Sasoi ona da kontzertuak emateko, baina lan kontuak tarteko irailaren 16ra arte geldirik egongo gara. Arrasaten izango da hurrengo kontzertua, Elkartasun Egunean".