Eva Romero: "Sei urte nituenetik nabil danborradan sartuta"

Xabi Gorostidi 2017ko eka. 22a, 17:39

Mende erdi baino gehiagoko tradizioa du danborradak Arrasaten, eta aurten lehen aldiz emakumezko zuzendari nagusia izango du, 34 danborradako esperientziarekin.

Sei urte zituenetik aritu izan da Eva Romero arrasatearra danborradan parte hartzen. Beretzat esanahi handia duen ekitaldia da, eta are gehiago aurten zuzendari nagusi denetik.

Nola hartu zenuen zuzendari nagusi izateko enkargua?
Ba sorpresa bat izan zen niretzat, ez nuen halakorik espero. Entseguak hasi aurretik bilerak egiten ditugu konpartsa guztietako zuzendariek. Aurten haurdun egon naizenez ezin izan nuen bilera horietan parte hartu. Orain arte zuzendari nagusi gisa aritu den Nestor Maidaganek ez jarraitzea erabaki zuenez, neu aukeratu ninduten bera ordezkatzeko, konpainia zuzendarien artean esperientzia gehien zuena nintzelako. Beraz, ezustekoa izan zen, erabakia hartu zen momentuan ni bertan ez nengoelako. Ardura handia da, baina espero dut gauzak ondo egiteko gai izango naizela.

Beraz, urte gehien dituen konpainia zuzendaria izanik, bere ordezko naturala zarela esan daiteke?
Ordezko naturala? Akaso bai. Baina, aukeraketa egiteko orduan zeuden ordezko hautagaien kopurua ikusita, ordezko bakarra nintzela ere esan daiteke. [barreak].

Nestor zenbat urtez aritu izan da zuzendari nagusi karguan?
Hamar eta hamabi urte bitartean esango nizuke, baina ez nago ziur. Ez dut berarekin hitz egiteko aukerarik izan, eta ez dakit zein arrazoik eragin dion kargua uztea. Baina Nestor ezagututa, lasai asko datorren urtean zuzendari nagusi izateko irrikaz egon daiteke.

Danborradan parte hartzen esperientzia zabala duzula esan dugu. Baina zenbat urtez ari gara hitz egiten?
Bada, lehen aldiz parte hartu nuenean sei urte nituen, eta orain 40 bete ditut, beraz, atera kontuak; 34 urte.

Urte guzti horietan denetarik egitea tokatu zitzaizun, ezta?
Bai, bai. Nik uste dut postu guztietan aritutako naizela. Danbor-jole bezala hasi nintzen, ondoren banderadun ere izan nintzen, kantinera, barrilera, eskoziarra... jantzi guztiak probatu ditudala uste dut.

Beraz, postu guztiak ezagututa, non aurkitu zuten zu baino zuzendari hobeagorik?
Horrek asko laguntzen du zuzentzeko orduan. Nire ustez, ikuspegi musikal zabalagoa edukitzea oso garrantzitsua da, eta hor akaso ni ez naiz pertsonarik jantziena, baina rol berri hau hori garatzeko aukera bat izan daiteke.

Urduri al zaude, ekainaren 23an pentsatzen?
Ba egia esan, nahiko lasai nago, ez pentsa. Eguna gerturatzeaz bat ziur urduritasun puntu hori agertzen zaidala; ea dena entseguetan bezain ondo aterako den... baina erronka berri baten aurrean urduritasun puntu hori kontrolatzea, ia ezinezkoa izaten da.

Nola joan dira entseguak?
Astean birritan elkartzen gara, astelehenetan eta eguaztenetan, eta ordu bateko entseguak egiten ditugu. Jendea gogotsu ikusten dut, eta zentzu horretan oso pozik nago. Ekainaren 23ra begira, lau entsegu geratzen zaizkigu, azkena plazan egingo dugularik. Ea dena ondo ateratzen den egun handian.

Hiru hamarkada hauetan, osasun puntu ezberdinak izango zituen danborradak. Gaur egun nola dago?
Hala da. Gogoratzen dut, Nestorrek zuzendari kargua hartu zuen unean, parte hartzea gero eta baxuagoa zela, eta horri buelta ematen ahalegindu ginen. Une horretan Gaztetxeko kideak sartu ziren, nahiz eta ondoren utzi, adibidez. Gogoan dut ere, beste urte batean pakistandar lagun talde batek ere hartu zuela parte. Hauek ere ez zuten jarraipenik izan, baina egin zutenean oso gustura ikusi nituen, egia esan. Danborrada beti egongo da kolektibo berriak hartzeko prest, eta zenbat eta gehiago izan, hobeto denontzako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak