Jaiak girotzen dituzten musikariak

Ane Vitoria 2017ko eka. 21a, 12:00

Arrasteko musika taldeak funtsezko bilakatu dira urteetan zehar San Juan festetan. Arrasatear guztiei aparteko giroa eskaini guran, talde horiek udalerriko kaleak musikaz betetzen dituzte.

Musika Arrasaten sustrai sakonak dituen artea da, eta hainbat dira kultura honekin jarraitzen dutenak. Udalerriko jaietan asko dira musika eskaintzen dutenak; horien artean, Arrasateko gaitero, txistulari eta trikitilari taldeak. Beste batzuen artean, horiek dira Arrasateko San Juan festetan gailentzen diren musika taldeak; izan ere, eskaintzen dituzten kalejiren bitartez, herria musikaz betetzen da, goizean goizetik iluntzera arte.

Baina, kalejirez gain, beste hainbatetan ere parte hartzen dute talde hauek: adibidez, udalerrian famatua den errementari dantzan, dragoi-janean, triki-poteoetan, dianan, salbean eta beste hainbatetan. Beraz, koordinazioa ere funtsezkoa da; izan ere, herriko kaleak girotzeaz gain, arrasatearrak direnez, jaiez disfrutatzea ere tokatzen zaie. Horregatik, egunean egunekoa ondo antolatu behar dute San Juan jaiez behar den moduan disfrutatzeko.

Ilusioz beteriko egunak

Astebete besterik ez da falta aurtengo festei hasiera emateko. Bada, hiru musika taldeak entseguekin hasi ziren duela aste batzuk. Hori horrela, ia dena prest dago Arrasateko kaleak musikaz betetzeko. Hiru musika talde horiek Arrasateko San Juan jaiak girotzen dutela ukaezina da. Baina nola bizi dituzte musika taldeko kideek udalerriko festak? Erantzuna gertuagotik ezagutzeko asmoz, Arrasateko gaitero, txistulari eta trikitilariekin izan da GOIENA.

Arrasateko gaiteroak: "Zorte handia daukagu"

Aspaldi hasi ginen entseguekin eta errepertorio orokorra prest daukagu. San Juanak, udako jaiak dira eta ilusio handia egiten digu parte hartzeak. Besteak beste, goizeko dianan izaten gara, bigantxetan ere giro ona sortzen dugu, Erraldoien Konpartsan, Arrasate Musikalekin kalejiretan... Horrez gain, Arrasateko, Gasteizko eta Arrasate Musikaleko musikariek duten Gariband musika taldearekin jotzen dugu, eta, nola ez, errementari dantzan ere bai.

Ez dakit nola, baina kuadrillekin egoteko zein beste ekintzetan parte hartzeko moldatzen gara: dragoi jana, Zuk eiñ, zuk jan, txosnetako kontzertuak... hala ere, goiz etxeratzen gara, hurrengo egunean musika jotzen jarraitzeko. Ederto pasatzen dugu San Juanetan, zorte handia dugu beste musikari batzuekin jotzeko aukeragatik. Bita gauza ezberdinak egiteagatik, ohiko musika tradizionalen eskematik irteteko, hain zuzen. Eta, nola ez, zorte handia daukagu emazteek une oro laguntzen digutelako eta ekintza horietan guztietan parte hartzen uzten digutelako! Zorte handia daukagu!

Arrasateko txistulariak: "Oso egun politak dira jaietakoak"

Txistulariok San Juan jaietako ekimen askotan parte hartzen dugu, eta funtsezkoa da horietan eskainiko ditugun abestiak ondo prestatuta egotea. Horregatik, nahiz eta urtean zehar entseguak egin, Arrasateko jaiak hasi baino hiru aste lehenago, espresuki festetako entseguei ekiten diegu.

Hainbatetan izaten gara txistulariak; esaterako, San Juan bezperan, ekainaren 23an, hain zuzen, salbea jotzen dugu eta gauean, errementari dantzan parte hartzen dugu. Horrez gainera, San Juan egunean, 24an, Arrasate Musikal bandarekin batera kontzertua eskaintzen dugu. 25a ere bada egun polita guretzat; egun horretan, Zuk eiñ, zuk jan bazkaria antolatzen da eta txistulari guztiak bertan elkartzen gara. Lehen, bazkari hura antolatzen ez zenean, gure kontu biltzen ginan mahai inguruan; orain, ordea, bazkari horretaz baliatzen gara denok batera momentu polit batez disfrutatzeko. Oso egun politak dira jaietakoak guretzat, bereziak benetan. 

Arrasateko trikitilariak: "Arrasateko kaleak girotzen ditugu"

Egia esan, ikasturte amaierako eta herriko jaiak elkartzen zaizkigu, eta, beraz, horregatik, bi ekimenetarako entseguak bateratzen ditugu; eta dagoeneko hasi gara. Sanjuanak Arrasateko jaiak dira, eta gu bertako parte sentitzen gara, jaiei gure hazia jartzen diegulako; batetik, ikasturte amaierako kontzertuarekin jaiei hasiera emanaz, eta, bestetik, errementari dantzan zein dragoi-janean ere parte hartuz.

Eskolako kide guztiak ekainaren 25an irteten gara kalejiran, modu honetan Arrasteko kaleak girotuz. Eta, nahiz eta guretzako San Juan festetako egunak lanegunak izan, urte osoan zehar ikasitako eta landutakoa kaleratzeko aukera bikaina da; horretarako, egun oso aproposak dira. Egia da trikitiak jaiekin lotura duela, eta eskola barrutik kalera ateratzeko aukera izaten da. Trikitixa Eskolako txiki, gazte zein helduek disfrutatzen dute sanjuanetako egunetan, eta, guretzako, oso pozgarria da gure herriko jaietan parte hartzea. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak