goiena.eus

Katalanak, errementari dantza ikusteko irrikan

  Kultura  Arrasate

San Juan jaietan bisitari bereziak izango dira Arrasaten. Izan ere, Molins de Rei herriko kataluniarrak izango dira hemen; bereziki, errementari dantza ikustera etorriko dira.

Katalanak, errementari dantza ikusteko irrikan
Molins del Reikoak erraldoiekin talde argazkian. Iñaki Artsuaga | Ikusi handiago | Argazki originala

Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsako kideak Molins de Reiko jaietan izan ziren, eta   orain, haiek izango dira Arrasaten gonbidatuak. Honela azaldu du Iñaki Artsuagak, konpartsako kideak: "Molins de Rei konpartsakoek errementari dantza ikusi zuten Internet bidez, eta, gurekin harremanetan jarriz, gonbidapena egin ziguten hango jaietara joateko. Irailean joan ginen hara, eta 30 lagun inguru izan ginen, egiten dutena ezagutzen".

Bizi izateko modu bat

Oso gazteek, oso nagusiek... adin askotarikoek parte hartzen dutela gaineratu du Artsuagak. "Beste modu batera antolatuta daude. Haientzat, bizi izateko modu bat da". Euren jaiak zaratan eta suan oinarrituta daudela azaldu du; hemengoak, aldiz, dantzetan eta ikuskizunean. "Bisitariak gustura geratuko direlakoan gaude. Harrera atsegina egingo diegu, eta, herriko txokoak ezagutzeaz batera, gure jaiak ikusiko dituzte".

Arrasateko konpartsakoak Katalunian

Valentziako beste talde batekin batera, ohorezko gonbidatu bezala joan ziren Arrasateko konpartsakoak Molins de Reiko jaietara, irailean.

Herria ikusi zuten, udaletxean harrera egin zieten eta alkatearen hitzak jaso zituzten. Bestalde, hango herrietako konpartsekin batera, erraldoi bilkura handi batera batu ziren arrasatearrak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa