San Juan egunean, Euskadiko txapelketa

Imanol Beloki Unamuno 2017ko eka. 19a, 16:20
Iaz, gazte bat bigantxari errekortea egiten.

Arrasateko San Juan jaietan, esnatzeko, gaiteroak irtengo dira kalera, 08:30ean, eta, horrekin batera, herritar askorentzat huts egin ezin den hitzordua izango  da, 09:00etan: entzierroa, hain zuzen ere.

Portaloitik zezen-plazarako bidea ziztu bizian egiten dute bigantxek, eta herritar asko animatzen dira haien aurretik korrika egiten. Hori izan ohi da eta izango da entzierroak izango duen ibilbidea: Erdiko kalea–Kanpantorpea–Zearkaosteta eta J.M Arizmendiarrieta plaza. Ondoren, dibertsioa izaten da nagusi zezen-plazan, eta harmailak beteta egoten dira. Txarangaren doinuekin gaupasa egin duten asko eta txintxo-txintxo goizean jaiki berri diren zaleak bigantxei errekorteak egitera animatzen dira. Iñigo Almortzak azaldu duenez, ikusmina handia da eta egunero plaza bete-beteta egoten da: "Entzierrorako bigantxa batzuk erabiltzen ditugu, handiagoak direnak; plazarako, berriz, txikiagoak. Hala, txiki eta biziagoekin jendea plaza barrura animatzen da errekorteak egitera…".

Kontrolatutako ekitaldia

Entzierroan edo zezen-plaza barruan, beti izaten dira kolpeak; hala ere, segurtasun neurriak hartzen dituztela azaldu du Almortzak: "Ez dago arriskurik. Segurtasun neurriak hartzen ditugu; adarrak moztuta dituzte bigantxek, anbulantzia izaten da… Hala ere, beti izaten dira kolpe txarrak eta kontuz ibili beharra dago".

Errekortadore txapelketa

Ekainaren 24an, 19:30ean, kaleko maisuen txapelketa izango da zezen-plazan. Herriz herri ibiltzen diren Euskadiko hamabi errekortadoreren arteko txapelketa jokatuko da. Jauzi, errekorte, eta abarrez gozatzeko aukera izango da, eta balentria handia erakutsiko dute zezenaren aurrean jartzen direnek. "Sokamuturrean aritzen diren onenak izango dira. Lau talde egingo ditugu, hiru pertsonakoak, eta talde bakoitzeko bat finalera helduko da. Hala ere, eguraldiak asko baldintzatzen du, eta eguraldi ona izatea espero dugu".

Haurren txapelketa eta eskola

Ekainaren 25ean, berriz, 18:30ean, Bergarako Zezenak elkartekoek antolatuta, haurren errekortadore txapelketa eta errekortadoreen eskola izango da zezen-plazan; aurten biak egun berean egingo dira.

Txapelketan 10-14 urte bitarteko gazteek hartuko dute parte, eta ondoren, errekortadore eskolan, poneyak eta zezentxoak izango dira. "Errekortadore eskola mundu osoari zuzendutakoa izango da. Txapelketan parte hartzeko, berriz, izena eman nahi duena gurekin harremanetan jar dadila", azaldu du Almortzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak