Bizipoz-en koordinaziopean Arrasateko erretiratu talde bat giza proiektu interesgarriak garatzen aritu dira apiriletik hona. Hasieran, banan-banako elkarrizketa pertsonalak egin zizkieten partaide bakoitzaren interesak azaleratzeko, eta ondoren gustu horien araberako lan-taldeak sortu zituzten.
Hiru izan dira tarte honetan garatu dituzten proiektuak; Ibilaldi osasuntsuak, nagusien kontseilua eta Arrasateko inmigrazioari buruzko aurreiritziak. Gaur goizean aurkeztu dituzte Kulturaten egindako ekitaldian, eta bertan izan da besteak beste Amaia Aspiazu Gizarte Ongizateko zinegotzia.
Irudia: Amaia Aspiazu Gizarte Ongizateko zinegotziak hitza hartu du aurkezpen ekitaldiaren hasieran.
Lehen taldekoak, "kolesterolaren ruta" famatua alde batera utzi, eta bestelako ibilaldiak sustatzeko lanean aritu dira. Horretarako, Besaide Kirol Elkarteko kideen laguntza izan dute, besteak beste, eta ibilaldiei balio erantsia emateko Arrasate Zientzia Elkartekoekin batzartzeko asmoa adierazi dute, datu historikoak gehituz interesgarriagoak izan daitezen.
irudia: Lehen taldeko kideak euren proiektua azaltzen.
Bigarren taldekoen nagusien kontseilua eratzeko proposamena garatu dute. Honen helburua 60 urtetik gorako herritarren egoera aztertzea izango litzateke, eta horretarako Ordizian aurretik garatutako eredu bat izan dute aztergai.
Azken taldeak, Arrasateko inmigrazioa hartu du aztergai gisa. Herrian gaiarekin lotutako aurreiritzi asko zeudela ikusita, errealitatea datuekin hornitu dute. Hala, herriko inmigrazioa tasa Euskal Autonomi Erkidegokoa baino baxuagoa dela ikusi dute (EAE %9, Arrasate %6,5). Kanpotarrek jasotzen dituzten laguntzak ere aztertu dituzte. Diru-sarrera bermatzeko laguntzari buruz, jasotzen dutenen % 13,8a immigranteak direla azaldu dute. Arrasaten 1.414 lagunek jasotzen dute laguntza hori, eta horietatik 195 immigranteak dira. Kanpotik datozenei jarraitzen duten ongi-etorri protokoloa ere aztertu dute, eta irailetik aurrera Txatxilipurdi eta AED elkarteekin batera hura hobetzeko bileretan parte hartuko dutela ere iragarri dute.