Kirolariei egiten duten lana aitortzea ez da soberan egoten, are gehiago herria bera ordezkatzen batera eta bestera ibiltzen direnean. Helburu horrekin egin du Arrasateko Udalak bigarren urtez ekitaldia, Jokin Etxebarria kazetariak gidatuta. Hala, gaur saria jaso duen kirolariak Arrasate Europa mailan ordezkatzea du helburu, uztailean Italian egingo dituzten Europako Atletismo Txapelketan egon gura duelako –10 zentimetro geratzen zaizkio helburua lortzeko–. Eneko Carrascal gaztea (17 urte) izendatu dute urteko kirolari onena, salto hirukoitzean eta luzera saltoan egindako lanagatik [Espainiako kategoria absolutuan 10.a da salto hirukoitzean. Iaz lesio bat izan bazuen ere, aurten 15,21eko marka egin du]. Arrasatekoak pozik jaso du saria: "Ohorea da, batez ere lan oso ona egiten duten kirolari askoren artean aukeratu nautelako".
Kirol Ibilbidea, Herrero-Azpiazu familiarendako
Arratsaldeko momentu hunkigarria, baina, Kirol Ibilbidea saritu dutenean etorri da. Izan ere, Arrasate Eskubaloi Taldeko presidente Ines Azpiazu eta haren seme-alaba Ane Herrero eta Josu Herrero omendu dituzte, eta gogoan izan dute Pitxi Herrero, Arrasateko eskubaloiko alma materra. Hirurek hartu zuten aitaren erreleboa, amak presidente moduan, seme-alabek jokalari moduan lehenengo, eta baita entrenatzaile moduan ere, Anek lehenengo taldea gidatu zuelako. Eta, klubeko ordezkariak izan dituzte ondoan, entrenatzaile, zuzendaritzako ordezkari eta jokalariak eurak ere bai, berezia izan den sariaren testigu izan dira.