Karta jokoan aritzeko hitzordua domekan

Maite Txintxurreta 2017ko eka. 16a, 10:14

San Juan jaietako 21. mus txapelketa jokatuko dute ekainaren 18an Jokin Zaitegi plazako Buenuena jatetxean. Izen emateetatik jasotako diruaren %95a banatuko dute saritan, eta, horrez gain, elikadura produktuez osatutako otarrak ere bai.

Mahaiaren bueltan karta jokoan ere sanjuanak ederki ospatu daitezkeela frogatu dute azken 20 urteetan San Juanetako mus txapelketan aritzen direnak. Gero eta jende gehiago animatzen da parte hartzera, eta iaz errekorra egin zuten, 36 bikote bilduta, Arrasatekoak zein inguruko herrietakoak.

Domekan da txapelketa, hilaren 18an, Buenuena jatetxean (943797936), 16:00etan hasita. Bikoteko 40 euro ordaindu behar da izen ematea.  Zortzi erregetara jokatuko dituzte partidak.

Lehen partidan kanporatutako bikoteek ere jokatzen jarraitzeko aukera dute, beste txapelketa paralelo bat ere jokatuko baitute. Izen ematea: 20 euro.

Sariei dagokionean, izen emateetatik batutako diruaren %95a emango dute dirutan; esaterako, bikote txapeldunak 1000 euroko saria izango du 50 bikotek izena ematen badute. Diruaz gain, baina, jateko zein edateko produktuez osatutako sariak ere banatuko dituzte.

Roman Lopez, mus txapelketako antolatzailea: "Batutakoaren %95a emango dugu saritan"

21 urte daramatza Lopezek mus txapelketa antolatzen.

- Nolatan hasi zinen txapelketa antolatzen?

Beti izan dut musarekiko afizioa, eta lehenago 103 emakumeri mus eskolak ematen nien, eta San Viatorreko umeei ere bai. Eta ikusten nuen beste herri batzuetan bazeudela txapelketak eta Arrasaten ez; beraz, antolatzea erabaki nuen.

- Errekorra izan zen iaz.

Bai. Iaz sariak handitu genituen, eta orain inskripziotatik batutakoaren %95a banatzen dugu saritan. Gainera, goiz kanporatutakoek jokatzen jarraitzeko aukera ere jarri genuen. Orduan, jende asko animatu zen.

- Ze jendek hartzen du parte?

Denetarik, 20 urtetik 65 urtera artekoek. Hasieran emakumeei zuzenduta zegoen, baina gero gizonei ere zabaldu genuen. Orain, gehienak gizonak dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak