"Eskubaloiarekiko erakutsitako pasioarengatik" saritu zaituzte. Pozik zaude?
Ezustea izan da guretzat. Federazioko presidente berriak lan egiteko modu berriak ekarri ditu eta aitortza hau asko eskertzen dugu. Bereziki, Donostialdetik harago, Debagoienean, adibidez, eskubaloiaren alde lan handia egiten dela ezagutarazteko balio duelako.
Klubari indarra ematen dio honek?
Bai. Aitortza orain dator eta nik jaso dut presidente moduan, baina sari honen atzean, pertsona askoren lana dago: Agustin Rodriguez, Juan Luis Isasmendi, Andoni Arando... Eta, hasierako urteetan, Josean Aranburuzabala, Mariano Arrieta... Hortaz, saria guztiona da. Urte askoan dihardugu gogor lanean. Arrasate Eskubaloin, aspalditik, balioak lantzen ditugu, eta erreferente izan gara, eta oraindik ere bagara.
Umiltasunez, eskubaloia zabaldu gura duzue.
Bai, eta harro gaude egiten dugun lanarekin. Futbolean edo beste kirolen batean jokatu gura ez dutenei, beste aukera bat ematen diegu. Bide hori elkarrekin egiten dugu. Elkartasuna, errespetua, lagunartea... Balio horiek lantzen ditugu. Noski, lehiakortasuna ez dugu ahazten. Balio sendoekin, lehiakor izan gura dugu.
Halako aitortzek lanean jarraitzeko indarra ematen dute?
Bai. Denboraldi bakoitza istorio berri bat da. Diru laguntzak, jokalariak, entrenatzaileak... Klub txikia gara eta ahal dugun moduan bizirik irauten dugu. Zorionez, aurretik egiten den lan horrek fruituak ematen ditu.
Klubetik pasa diren jokalariekin eta arduradunekin dudan hartu-emana da benetako saria. Edo, egungo jokalariak animatzera joaten naizenean, eurengandik jasotzen dudan maitasuna.
Osasuntsu dago Arrasateko eskubaloia?
Bai. Oso urte onak bizi izan ditugu Lehen Nazional Mailan. Talde sendoarekin, punta-puntan ibili gara. Baina ziklo aldaketa etorri zen, eta orain, harrobiarekin lanean dihardugu. Ez dakigu haren moduko talderik izango dugun berriro, baina horrek ez gaitu itsutzen.