San Juanetako egitaraua ekintzez josita dago

Ane Vitoria 2017ko eka. 15a, 09:18

Astebete bakarrik ez da falta Arrasateko San Juan jaiak hasteko eta dagoeneko, egitaraua prest dago. Festetako lau egunetan zehar hainbat eta hainbat ekintza izango dira, adin tarte guztietara bideratuta daudenak.

Arrasateko Udalak atzo aurkeztu zuen San Juanetako egitaraua. Horren nondik norakoak azaldu baino lehenago, udalak, eskerrak eman zuen jaien antolakuntzan parte hartzen duten eragile eta talde orori: kultur talde, SUDC, Lore Gazteak, Arrasate Musikal, Txorbela, Txatxilipurdi, Erraldoi eta Kilikien konpartsa, AED eta abar. Eskerrak ematez gain, honako beste mezu hau ere adierazi zuen udalak: "Bai beti, bai jaietan ere, sexu eraso guztien aurrean tolerantzia zero izan behar da", azpimarratu zuten ordezkariak.

Behin bi mezu horiek helarazita, jaien bueltan ekintzen azalpenak eman zituzten Udaleko ordezkariak. 

Gaur bertan hasiko dira ekintzak

"San Juanei dagokienez, asteburu hau izango litzake haur eta neska mutiko gaztetxoen asteburua; zapatuan haurren danborrada izango da eta domekan haurren dantzari eguna", azpimarratu zuen Anuska Ezkurra zinegotziak. Gainera, azken urteetan, Arrasteko Udalak gazteen aldetik hainbat eskaera izan dituzte, eta eskaera horiei erantzuteko asmoz, ekimen bereziak antolatu ditu udalak. Hala nola, Goazen telesaileko neska-mutilen zein Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldiak. Agenda kontuagatik, azken hau ez dago egitarauaren barne baina, uztailaren 2an izango da pailazoen ikuskizuna.

Horrez gainera, San Juanetako tradizioa, herriko partaidetza zein jaien antolaketa beraren uztarketa sustatzea ere izan da udalaren beste helburuetako bat. Hau honela, ekimen asko antolatu dituzte eta, beste batzuen artean,  aurtengo berrikuntzak hauek dira: konpartsa irteera gehiago, zezen plazaren bueltan ere ekintzak zein ekainaren 24an Mikel Urdangarinek eskainiko duen kontzertua eta abar. Gazteei bideratutakoak batez ere, ekainaren 25ean,  txosnagunean eskainiko diren CRAP eta Esne Beltza kontzertuak izango dira eta baita, ekainaren 26an Gatillazok joko duena.

Txosnagunean ere berrikuntzak

Hala ere,  jaietako berrikuntzak ez dira soilik udalaren eskutik etorri; izan ere, txosna egitarauaren barruan ere hainbat egongo baitira. Aurten txupina Pottogorrien eskutik emango da eta hilaren 23an izaten den herri bazkaria, Uharkapera ekarri dute bueltan. Horrez gainera, olinpiadak ere antolatu dituzte eta hogeita bosterako mozorro eguna bultzatzen ari dira txosnagunetik.

Olinpiadetan parte hartu nahi duenak, lauko taldea sortu eta Irati edo Jaizale tabernetan izena eman beharko du. Bi taberna horietan zein Iluntzen ere, daude salgai herri bazkariko tiketak 15 euroren truk eskura daitezkeenak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak