Jaramako zirkuituan egindako hiru asteburuetan erregulartasun erakustaldi itzela egiten du Xabi Fernandez Puritok. Denboraldi hasieran iazko emaitzak hobetzeko baldintzak zituela esan zuen, eta ez du kalerik egin.
Bi lasterketaren faltan lehen postua poltsikoan daukazu, zorionak...
Aurten primeran atera dira lasterketak, eta oso maila onean aritu gara. Lehen asteburuan lidergoan jarri nintzen, eta lasterketa guztietan podiumetik jaitsi gabe aritu naizenez, erregulartasunak eman ditu bere fruituak. Irailean txapelketako azken bi lasterketak korrituko dira, baina bertan puntuatu gabe lehen postuari eutsiko diogu.
Irudia: Xabi Fernandezen autoa lasterketa erdian. Argazkilaria: Nikonizando Photography
Beraz iazko amesgaiztoa ez da errepikatuko?
Iaz bi proben faltan lehena nintzen, baina azken asteburuko lehen lasterketaren aurretik izandako arazo mekaniko batek aurreko sei lasterketetako lana pikutara bota zuen. Aurten ez dut apenas arazorik eduki. Nire aurkariek bat edo beste izan dute, eta horrek eragin du hein batean bi lasterketen faltan matematikoki garaile izatea.
Nola joan da azken asteburua?
Bero itzela egin du. Auto barruan tenperatura 65 gradutakoa zen, eta autoan zerbait erretzen zenaren sentsazioa neukan une askotan. Klasifikazioan bigarren denborarik onena egin nuen, eta lehen lasterketan bigarren geratu nintzen larrialdi handirik gabe.
Irudia: Xabi Fernandez podiumean irribartsu. Argazkilaria: Vivi Garcia, Autohebdo Sport aldizkaria
Azken lasterketan arazo mekanikoekin estu ibili zinen, ezta?
Beroaren eraginez arazoak agertzen hasi ziren. Lehenik balaztak. Ezin nuen nahi nuen lekuan frenatu eta bihurgune batzuetan luze joaten nintzen. Eta hiru itzuliren faltan, enbrage gabe geratu nintzen. Azeleragailuari une konkretu batzuetan kolpeak emanez martxak sar daitezke, baina denbora asko galtzen da. Beraz, hirugarrenarekiko nuen abantaila xahutu nuen, eta azken itzulietan tapoi lanak egin nituen bigarren geratzeko.
Sei probatan bi lehen postu, hiru bigarren eta hirugarren bat. Horri bi pole gehitu behar zaizkio. Ezin gehiago eskatu...
Ez nuen espero hain goiz txapeldun izatea, baina hala da. Nire ustez bi faktore klabe daude aurtengo errendimendu ona baldintzatu dutenak. Lehenik eta behin aurten ekipamendu aldetik prestatuago egon gara, babesleen ekarpenei esker, eta bestalde iaz baino esperientzia gehiagorekin ekion diogu txapelketari. Asko ikasi dut nire aurkariengatik, Espainia mailan goi aldean aritu diren pilotuak direlako.