Ekaina ez da Zaldibarko final barik geratu. Torneoa inoiz baino beranduago hasi bazuten ere –Aste Santu ostean– zortzi jardunaldiz osatutako txapelketa motza, baina emankorra izan da, eta jendeak gustora hartu du formatu berria. Hala, bihar 18:00etan Legends eta Betrayer taldeek jokatuko dute finala, eta Elorra eta Jibaros 16:30ean lehiatuko dira hirugarren postuagatik.
Ezkerrean Elorra, eta eskuman Jibaros. 16:30ean jokatuko dute hirugarren postuan sailkatzeko.
Finalerdietan jende asko
Joan den zapatuan jende asko batu zen harmailetan, taldeak animatzeko gertu. Legendsek gogotik sufritu zuen aurrera egiteko, eta azken unean alde izandako penalti bikoitz batek erabaki zuen emaitza (3-4). Badirudi Betrayer erraz sailkatu zela (7-1), baina kantxan indarrak parean egon ziren. Hori bai, beteranoek aldeko izandako aukera guztiak aprobetxatu zituzten golak egiteko.
Ezkerrean Betrayer, eta eskuman Legends. 18:00etan jokatuko dute finala.
Goleatzaile onenaren sarirako hautagaiak (partidu baten faltan):
- Asier Manso ( Legends ) 11 gol
- Ander (America) 9 gol
- Ion Ugarte (Betrayer) 8 gol
- Asier Urzelai (Jibaros ) 8 gol
- Oier (Aldatz) 8 gol
Elkarrizketa:
Jon Barandiaran: "Aurtengo txapelketa motz geratu da"
Zaldibarren areto futbola desagertu ez zedin, azken momentuko bultzadari esker zortzi jardunaldi izan dituen txapelketa antolatu dute hainbat lagunek.
Finalaren atarian ze balorazio egiten duzue?
Positiboa. Ez genuen uste jende gazteak izena emango zuenik, eta lau talde berrik hartu dute parte. Pozgarria izan da hori, eta antolaketa taldeko ateak zabalik ditugula esango nieke, laguntzea gura badute.
Aipatu duzu motz geratu dela txapelketa.
Bai. Datorren urtera begira garbi daukagu urrian ez dugula txapelketarik hasiko, hori amaitu da. Baina, formatu hau egokia da, antolatzaileondako errazagoa da halako bat antolatzea, ez da horren lotua, eta jendeak gogoz hartu du. Aurten zortzi jardunaldi baino ez ditugu izan, eta hamabi jardunaldi inguruko txapelketa polita izango litzateke.
Zelako finala espero duzu?
Esperientzia handiko jokalariz osatutako taldeak dira Betrayer eta Legens. Normalena da indarrak parean egotea.