Agintaldiaren bi urteetan konpromisoak betetzen

Xabi Gorostidi 2017ko eka. 2a, 10:57

Teknikoki ekainaren 13an beteko dira bi urte Maria Ubarretxenak Arrasateko alkatetza hartu zuenetik, eta agintaldiaren lehen bi urteek emandakoa positiboki baloratzeko agerraldia egin zuten eguaztenean Udal Gobernuko koalizioko kideek.

EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernu koalizioko kideek, agintaldiaren lehen bi urteetan egindakoak aztertzeko eta geratzen den agintaldirako erronkak iragartzeko, agerraldia egin zuten asteazkenean, Kulturaten.

Hauteskude garaiko promesak

Maria Ubarretxena alkateak hartu zuen hitza, lehenik eta behin. Udal Gobernuaren lehentasun nagusia hauteskunde aurreko garaian arrasatearrekin hartutako konpromisoak betetzea izan dela azaldu zuen.
“Intentsitate eta lan handiko bi urte izan dira, baina esfortzuz, ilusioz eta dedikazioz beteriko eguneroko lanari esker, hauteskunde programan jasoak genituen ekimen eta proiektu gehienak martxan jartzea lortu dugu”.

Hori frogatzeko, duela bi urte egindako hauteskunde programaren eskuorria jarri zuen mahai gainean, arrasatearrekin hartutako hamar puntuko programa betetzen ari direla irudikatzeko. Programa horretan, sozioekonomia sustatzea, kultura eta kultur aukera berriak bultzatzea eta "arrasatearren egungo beharrei egokitutako herri bizi, irisgarri eta atsegina eraikitzea" zirela azaldu zuen Ubarretxenak, eta adibide gisa jarri zituen, esate baterako, Kulturola egitasmoa, enplegu edota komertzio plan estrategikoak, mugikortasun plana eta Makatzenako igogailu proiektua, Zaldibarko eta Munarko parkeen berritzeak eta Uarkape pilotalekuan gimnasio berri bat egiteko ekimena ere.

Amaitzeko, etorkizunera begira, "adostasunean, gardentasunean eta elkarlanean oinarritutako lan egiteko moduari helduz", hartutako konpromisoak betetzeko "gogor" lan egiten jarraituko dutela adierazi zuen.

'Ulermenaren koalizioa'

Oscar Garciak hartu zion lekukoa ondoren alkateari. Agintaldiaren tarte honetan bi alderdiek lanerako izan duten jarrera azpimarratu zuen, ulermenean oinarritutako lan harremanean fokua jarrita: "Beste herri batzuetan, agian, ez da hala izango, baina Arrasateko EAJren eta PSE-EEren arteko koalizioa benetako lantaldea da".

Alderdi Sozialistaren hauteskunde programan hartutako konpromisoak aipatu zituen ondoren. Adibide gisa jarri zituen Makatzenan eta San Josepen egindako esku hartzeak, wifi gune publikoak eta garbiketa zerbitzuaren birmoldaketa, besteak beste. "Orain arte arrasatearrak sentitzen ez ziren auzotarrak arrasatear sentitzen hasi dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak