Uda giroa agertzeaz bat, Herriko Plaza garagardoaren erreinu bilakatuko da, beste urte batez. Iaz adingabeko izateari utzi ostean, aurten 19 urte beteko ditu ARTkoen Garagardo Azokak. Azken urteetako erantzun aparta ikusirik, osteguneko pintxo-pote giroa baliatuz zabalduko dute karpa parez pare, eta urtero legez, karparen irekiera ofiziala Arrasateko Udaleko ordezkari politikoen afariarekin egingo dute.
Kopuru ikusgarriak
Aurtengo azokan jatekorik eta edatekorik falta ez dadin, ARTkoek etxeko-lanak egin dituzte aurretik. Horretarako, iaz bezala, bost marka ezberdinetako 2.190 litro garagardo eskatu dituzte, eta pitxarrak 4,5 eurotan erosi ahalko dira.
Jatekoari dagokionez, 2.700 opil, 375 oilasko, 720 txerri-ukondo eta 140 lata saltxitxa eskatu dituzte, karpara gerturatzen direnak goseak ez geratzeko. Beraz, ez zaie lanik faltako talde zuri-moreko jokalari eta ordezkariei, eskatutako janari eta edari guztia zerbitzatzeko orduan.
Bihar eguerdian zabalik
Zapatua izango da egun potoloa, bihar ospatuko baita XIX. zazpiko txapelketa (ikus 38. orria).
Asteburuko kirol ekitaldi nagusiarekin bat eginez, karpa zabalik egongo da, bertan bazkaldu nahi dutenentzat.
Azokari bultzadatxoa emateko, ikus-entzunezkoa egin dute aurreko edizioetako argazkiekin.
Elkarrizketa Joseba Maidagani
Aurten karparen muntaia batukadakoek egin dizuete?
Lan hori ez dugu guk egiten, karpa kudeatzen duen enpresak egiten du. Gogoan dut lehen garagardo azoka egitean guk egin genuela lan hori, eta argi ikusi genuen lan gehiegi zela guretzako.
Zenbat pertsona egongo zarete lanean?
Ba, 60 lagunen bueltan arituko gara, lan ezberdinak eginez.
Edari eta janari kopurua nahikoa izango al da?
Beti eskatzen dugu pixka bat gorantz, baina datorren jende kopurua eguraldiaren araberakoa izaten da, eta ez dago iragarpen oso onik.
Azoka klabea da taldea finantzatzeko, ezta?
Urteko aurrekontuaren zati handiena ateratzen dugu, eta jendeak beti erantzuten du.