Hemeretzigarren urtez garagardoak eta errugbiak bat egingo dute zapatuan, Nazioarteko Zazpinako Errugbi Txapelketan. Herriko plazako karpa eguenetik dago zabalik, baina egun potoloa zapatukoa izango da, jokalariek orduan botako dute-eta izerdia Mojategin. "15:00etan hasiko da txapelketa, eta oraingoz bost taldek eman dugu izena, Arrasaterekin batera Ordizi, Bilbo, Durango, eta Gasteiz izango direlako txapelketan. Azken orduan, baina, beti animatzen da talderen bat", adierazi du taldeko entrenatzaile Igor Isasik.
Seniorretan kanpoko talderik ez
"Izenak hala badio ere, aurten gure txapelketa ez da nazioartekoa izango, kanpotik ez delako talderik etorriko, eta Ordizian jokatzen duten kanpotarrekin konformatu beharko dugu", dio bizkaitarrak umorez: "Baina beteranoek bai, horiek Erromako errugbi taldekoen kontra jokatuko dute lagunartekoa".
Lan bikoitza Arrasatekoendako
Txapelketara begira duten asmoen gainean galdetuta, Isasik garbi ikusten ditu gauzak: "Zapatu eguerdira arte ezingo dugu ikusi zer egiteko gauza izan gaitezkeen. Guk ligari ematen diogu garrantzia, zapatua errugbi jai bat baino ez da, ondo pasatzeko aitzakia bat. Jokalariek, gainera, lan bikoitza izaten dute, eguenetik txandak izaten dituztelako garagardo karpako tabernan, eta egubakoitzean jendea presa barik ibiltzen da [Barre]. Horrenbestez, zapatu eguerdian talde erdi biharamunarekin baldin badago, bada, jai dugu. Irabaztea gura badugu, sikiera, lo eginda etorri behar dugu [Barre]".
Zazpinako errugbia, olinpikoa
Iaz lehenengoz izan zen zazpinako errugbia kirol olinpiko: "Oso ikusgarria da entsegu asko egoten direlako. Paseek zorrotzak izan behar dute, eta taktikak garrantzia handia hartzen du. Baina, fisikoki ezinbestekoa da sasoian egotea. Ea bihar ze maila ematen dugun".