Josu Zubiak ez du Mondrako entrenatzaile izaten jarraituko

Xabier Urtzelai 2017ko mai. 31a, 15:33

Josu Zubia, Mojategin.

Denboraldia amaitzearekin batera adierazi dio Josu Zubiak Mondrako zuzendaritzari ez duela lehenengo taldea entrenatzen jarraituko. Aretxabaletakoak hiru urte egin ditu Mondran, lehenengoan gutxigatik ez zuten mailaz igo, iaz etorri zen ohorezko erregionalerako igoera, eta aurten taldea kategorian egongortu du. Zikloa amaitu dela sinetsita, taldea utziko du.

Gaur eman dio aditzera Josu Zubiak Mondrako zuzendaritzari ez duela taldean jarraituko. Hala, badoa Mondra birritan mailaz igo duen entrenatzailea: "Oso gustora egon naiz bertan, lan-talde ona dago baina egia da intentsitate handiko urteak izan direla, desgaste handikoak. Uste dut jokalari hauei zuku guztia atera diedala, eta beste entrenatzaile baten etorrera komeni zaiela".  

Bada, azken 15 urtetan Josu Zubiak birritan hartu du lehenengo taldearen ardura, eta bietan lortu du Mondra kategoriaz igotzea (2003an eta 2016an).

2003an Zubiaren eta Zaitegiren aginduetara igo zen Mondra orduko Erregional Preferente mailara.

Baina, oraingo etapa agortuta dagoela sinetsita uztea erabaki du, beste  erronka batzuei heltzea, Zubiak berdeguneetan jarraitu gura duelako: "Ez dut beste talde baten eskaintzarik, ez dut aurrez inorekin berba egin. Lehenengo Mondrako ordezkariei nire asmoen berri eman gura nien, eta ondoren ikusiko dut ze aukera dagoen. Edo, beste talderen batekin lehian jarraitu, edo gaztetxoekin jardun". Izan ere, azken urteotan jokalarien formazioan ibili da buru-belarri Zubia, kategoria txikietan gaztetxoekin lanean eta orain ere halaxe jarraitu gura du. Hala, ez du baztertzen Mondrako harrobiarekin ere lanean jarraitzea, besteak beste, futbol kanpusean.

Liga zazpigarren postuan

Mondrak zazpigarren postuan amaitu du liga, 48 puntu batuta. Ohorezko erregional mailara iritsi berria zen taldea izateko lehenengo itzuli ederra egin zuten –bederatzi garaipen eta bost berdinketa– eta kategoriako ezuste pozgarrietako bat izan zen. Bigarren itzulia, baina, ez da ona izan, zuri-moreek hiru partidu baino ez dituzte-eta irabazi. Aurrealdeko postuengatik borrokan ibiltzeko taldea kapaz izan zitekeela amestu zuten zaleek, baina azken bederatzi partiduetako errealitatea gogorra izan da: "Ez dakit bigarren itzulian zer gertatu zaigun, akaso, zerbait handia egiteko itxaropen gehiegi geneukan, akaso ez zen erreala, eta pare bat partidu garrantzitsutan kale egindakoan taldeak besoak jaitsi ditu. Ez daukat garbi, baina sinistuta nago besteei begira egon barik Mondrak bere bidea egin behar duela, erritmo propioarekin. Eta, hori egiteko lan-talde oso ona dago klubean". Eta hor du zuzendaritzak erronka, datorren urtera begira entrenatzaile egokia bilatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak