Kerik Gabeko Gazteak programaren barruan, DBHko lehen zikloko ikasleek hainbat lan eta tailer egin dituzte. Logotipo bat ere landu behar izan dute, hain justu ere, Arrasateko Gaztelupe-Arimazubi ikastolako logoa izan da irabazle, eta Gipuzkoako ordezkari izan da kanpainan, lurralde mailan.
Lan hori aitortzeko, oparitxo bat eman zaie udaletxean gela horien ordezkariei; gela irabazleak egindako logoaren lamina bat, eta ikasle parte-hartzaileentzat motxila bana. Arrasateko Udaleko Gizarte Ongizateko zinegotzi Amaia Azpiazuk eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Miren Dorronsorok banatu dizkie sariak, eta gaztetxoek pozik jaso dituzte.
Informazio-karpak
Osasun zentroetako langile sanitarioek informazio pertsonala ematen ari dira gainera egunotan, tabakoaren prebentzioko jarduerei buruz. Informazio esku-orriak banatzen ari dira eta karbono monoxidoaren determinazioak, erretzailearen pasaportea, biriken adina neurtu, eta abar egiten ari dira. Arrasaten, esaterako, Seber Altuben jarritako karpan.
Bestalde, eskualdeko farmaziak ere ari dira programa horretan parte hartzen. Horretarako, tabakoaren gaia aipatzen duten kartelak eta aurkezpenak jarriko dituzte erakusleihoetan, herritarrentzako mezuekin.