"Egoitzaren paretei bizi eman nahi genien, eta Emausen bertan zein kanpoan aniztasuna aurkitzen dugunez, ideia hori txertatu nahi izan dugu; gizartea askotariko pertsonez osatuta dagoela islatu", azaldu du Emauseko Maider Sagredok gaur arratsaldean Arrasateko Ekocenterrean burutu duten ekintzaren jatorriari buruz.
Hala, prozesu parte-hartzaile baten bidez aukeratua izan ostean, astean zehar anitz hitza margotu dute Ekocenterreko kanpoko paretetako batean Helena Azkarragaurizar, Lexuri Doyague eta Joana Manzisidor artista arrasatearrek.
Baina egoitzako kanpoko zein barruko beste pareta batzuk ere apaindu nahi izan dituzte, eta horretarako Txatxilipurdik kudeatutako Gaztetxokoetako eta ludeteketako gaztetxoen laguntza izan dute. "Hainbat ideia izan dituzte, eta horiekin osatu dugu hasierako horma-irudia"; dio Sagredok. Neska-mutikoek ederki pasatu dute, paretez gain, eskuak eta aurpegiak ere margoekin betez.
'Besarkadak' ekimena
Gaurko ekintzak, gainera, bete-betean egiten du bat Emausen Besarkadak ekimenarekin. Bestela elkar ezagutuko ez luketen askotariko pertsonen topagunea izatea eta elkarrekin proiektu berriak gauzatzea da ekimen horren helburua.