Maria Diaz Ursua ile-apaintzailea da, eta arlo horretako lehiaketa berezi baten parte hartzen dihardu, Wella professionals trend vision awards sarietan, zehazki. Mundu honetako sariketarik prestigiotsuenetakoa da.
Lehen fasean dago orain lehiaketa hori, eta herritarrek gustukoen duten orrazkeraren aldeko botoa emateko aukera daukate. Hala, batetik herritarren saria irabazten duen lana, eta bestetik, epaimahaiarena irabazten duenak, Madrilera joateko aukera izango dute, hurrengo fasean parte hartzeko. Madrilen, argazkirako aukeratu duen modelo berarekin erakutsi beharko luke bere lana. Bada, fase hori ere gaindituz gero, beste maila bat dago, non antolatzaileek jartzen duten modeloa. Eta fase hori ere igaroz gero, "beste liga batean dihardutenekin" lehiatzeko aukera dago.
Iaz, Arrasateko Gorka ile-apaindegiko bere nagusiak ile-apaintzaileen show bat ikustera eraman zuen, eta bertako lanak ikusita "txundituta" geratu zela ikustean, lehiaketan parte hartzea proposatu zion, eta Diaz animatu egin zen.
Uda giroko mototsa
Diazek Lorea Otadui modeloari egindako ile bilduaren argazkia aurkeztu du lehiaketara. Azaldu duenez, piña izan zuen lehendabiziko inspirazio iturri: "Ideia horretatik abiatu nintzen, baina azken emaitzak ez du piñarekin zerikusirik". "Esaterako, hasieran neukan ideia zen goialdean ilea tente jartzea, baina proba egin nuen eta ez zitzaidan gustatu. Hortaz, hasierako ideiatik aldatzen joan da lana", dio.
Ile bildua koloretsua da, "uda giroko ukitua" emateko asmotan. Maria Diazek dio gainontzeko parte hartzaileek aurkeztu dituzten lanetan gutxi direla kolore deigarriak erabiltzen dituztenak, baina berak apustu hori egin gura izan du.
Hain zuzen, ilearekin contouring delakoa egin behar izan du; hau da, bolumenarekin eta kolorearekin jolastu, pertsonari egokitutako orrazkera lortzeko.
Web orrian bozkatzeko aukera
Lehiaketara aurkeztutako lanak ikusi eta botoa ematea nahi dutenek maiatzaren amaierara arte izango dute aukera, lotura honetan sakatuta.