Franco agintean izan zen aldian Arrasaten izan zen biktimetako bat da Luis Javier Arrieta. Bere kasua Arrasateko Udalak jarriko duen kereila kriminalera batzeko testigantza egin berri du, eta aurreko astean bere kasua publiko egin zuen ekitaldi batean, jendea testigantzak egitera animatzeko.
Noiz torturatu zintuzten lehen aldiz?
1968. urtea izan zen. Xabi Etxebarrieta ETAko kidea hil eta gutxira, hileta-elizkizuna egin zen Arrasateko San Frantzisko elizan. Hura amaitzean, kanpoan zeuden guardia zibilak probokatzen hasi ziren, jendeak erantzun egin zien eta istiluak sortu ziren. Istilu horietan parte hartu nuelakoan atxilotu ninduten, eta herriko koartelera eraman. Bertan, Muñecas tenientearen agindupean Zarauztik etorritako guardia zibilek sekulako jipoia eman ziguten lurrean belauniko geundelarik.
Beraz, Zarauztik propio etorritako guardia zibilak izan ziren?
Hori nabarmendu nahiko nuke. Nire hitzak ez dira Guardia Zibilaren aurkako hitzak. Muñecas abizeneko jeneral konkretu horren eta bere aginduetara egon ziren horien aurkako hitzak dira. Hemen lan egin duten guardia zibilekin eta euren semeekin harreman onak izan ditut, eta orokortzeak beti gaizki daudela iruditu zait. Guztia ETA dela esaten denean, baita errespetuz jokatu duten guardia zibilen izena zikintzen denean.
Baina jaso zenituen lehen kolpe horiek ez ziren bakarrak izan...
Lehen jipoiaren ostean, gela batera sartu ninduten, bakarrik. Bertan, bospasei zeuden; tartean, Muñecas eta Arrasateko kuarteleko komandantea zen Luis Santos Japonesa ere [azken hori ETAk erail zuen Arrasaten, 1974an]. Han, ostikadak, ukabilkadak, pistolarekin kolpeak... ematen hasi ziren. Ondoren, Santosek eskatuta, kuarteleko zaldiekin erabiltzen zuten zigorra ekarri zuten, eta horrekin hainbat kolpe latz eman zizkidaten. Handik bi ordura, berriz, eta horrela hainbat aldiz. Sekulako markak utzi zizkidatela ikusirik, motorrean nindoala izandako istripu batek eragindakoak zirela sinarazi zidaten, hori egin ezean nire emaztearen bila joango zirela mehatxatuz. Nik sinatu egin nuen, eta informe hura egiaztatzeko Del Campo sendagileari deitu zioten, baina hark ez zuen sinatu. Nituen zauriak hiltzeko moduko jipoi batek eragindakoak zirela esan zien, eta ez zuen ezer sinatu.
Zer egin zenuen ondoren?
Etxera heldu eta amari zauriak erakustean, sekulako negarraldia sartu zitzaion. Epelde argazkilariarengana eraman ninduen, eta bertan atera genituen irudian dauden argazkiak. Ostean, Oscar Unanuek Arrasateko ospitalera joateko esan zigun, eta sendagileek zauriei buruzko txosten bat egin eta gero, notario aurrean erregistratu genuen; gure testigantzekin, medikuen txostenekin eta argazkiekin. Pako Etxebarria auzitegiko medikuak altxor bat zela esan zidan, Euskadin notario aurrean frogatuta ikusi duen kasu bakarra zelako.
Baina notario aurrean frogatu arren, kartzelara joan zinen?
Elizkizun osteko istiluetan guardia zibil bat zauritu zen harri batek jota; beraz, segurtasun indarren aurkako erasoa eta legez kanpoko manifestazioa leporatuta epaitu gintuzten. Bi urte eta 15.000 pezetako zigorra eskatzen ziguten. Nire aitaren lagun bat isuna ordaintzeko prest agertu zen, baina ezetz esan nion, ez nengoelako inolaz ere dirurik ordaintzeko prest. Loiolako kuartelera eraman ninduten nire emaztearekin batera, eta Lasanta izeneko instruktoreari argazkiak erakutsi nizkion. Tigre baten pare jarri zen orduan, argazki originalak entregatzeko eskatuz, baina nik esan nion ez zuela ezer egiterik. Familiako kideen artean banatzeko hogei kopia atera nituela azaldu nion, jada Argentinara, Ingalaterrara, Frantziara helduta zeudela gaineratuta. Loiolakoaren ostean, Ordena Publikoko Auzitegian epaitu gintuzten, Madrilen, eta han, zigorra bi urtetik lau hilabetera murriztu ziguten.
Noiz torturatu zintuzten bigarrenez?
ETAk bonbadun ikurrin bat jarri zuen Legazpin, eta guardia zibil bat erail zuten. Nik ez nuen zerikusirik horrekin, baina fitxatuta egote hutsagatik Donostiara eraman ninduten, beste hainbat fitxatutakorekin batera. Orduan ere, era guztietako kolpeak zizkidaten eta esan zidaten ETAk ekintza bat egiten zuen bakoitzean nigana etorriko zirela. Txomin Iturberen anaia Antonio bertan zen nirekin, eta hari, anaiari buruz galdetzeko, bainera delakoa egin zioten. Jendeak uste du burua ur azpian sartzea dela, baina han beste era batera egiten zuten. Hainbat guardia zibilek baineran kaka egin eta bertan sartzen zizuten burua. Botaka egin ostean, beste bati egiten zioten berdina eta hark botaka egin ostean beste bati.
Kartzelan egon izanaren eraginak urte luzez sufritu dituzu, ezta?
Atzerrira joateko arazoak izan ditut beti. Franco hil arte, pasaporte eta gidabaimenik gabe egon nintzen. Fagorren lan egiten nuen eta atzerrira joan beharra izaten nuen. Hala arazoak izan ditut Alemaniara, Tunisiara, eta beste hainbat tokitara joaterakoan, eta gaur egun,s nire etxeko telefonoak pintxatuta jarraitzen du.