Kulturaren hamaika aurpegi eta ikuspegi

Ubane Madera 2017ko mai. 24a, 13:39

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa ikasketa graduan (MU) grabatutako elkarrizketa saioa da EKT; bihar, maiatzaren 25ean hasita, eguenetan 21:00etan eskainiko da Goiena telebistan. Idazleak, ikertzaileak, abeslariak, ekonomialariak eta soziologoak izango dira.

Kultura ikuspegi askotatik aztertzen edo begiratzen duen aditu titulua da Euskal Kulturgintzaren Transmisioa (EKT); Mondragon Unibertsitateak eskaintzen du, Aretxabaletan duen Ikus-entzunezkoen fakultatean. Ekainean amaituko da seigarren edizioa; hilean behin elkartu dira urria ezkero.

Lagin batzuk Goiena telebistan

Ikasturte honek eman duenaren zati bat ikusteko aukera izango da bihar, maiatzaren 25an hasita, eguenero, 21:00etan. Elkarlanean egindako proiektua da, MUren laguntzarekin, hiru euskal komunikabideen artean: Goiena,  Bilbo Hiria eta Euskadi irratia. Txandaka egin dituzte hitzaldi formatuko eskola eman dieten askotariko adituei eta arituei elkarrizketak. Galder Perez (Euskadi Irratia), Ane Zabala (Bilbo Hiria) eta Aitziber Aranburuzabala (Goiena) dira kazetariak.

Ez dira egiteko elkarrizketa samurrak izan, eta ez dira ikusteko errazak ere, gai asko abstraktu samarrak direlako. Hala ere, gonbidatuek oso gertutik kontatu dituzte: batzuk, urteetan landutako tesiak eta beste batzuk, euren bizipenak, profesionalak eta pertsonalak ere bai. Biharko saioan, Ana Gandara, euskal kulturgintzaren ikertzailea izango da protagonista.

Adituak eta arituak

Aurrekoetan moduan, hainbat kultura sortzaile izan dira. Iparraldetik Itxaro Borda idazlea eta Mixel Ducau musikaria. Idazlan kontuez gainera, postari izan zeneko garaiak kontatu zituen Bordak. Ducauk, berriz, toki askotan eta kide izan den musika talde eta ekimenetan bizi izandako "abenturak" partekatu zituen eta solasaldia, borobiltzeko, gitarra eskuetan hartu eta kantu bat abestu zuen. Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuk ere umiltasun osoz gainbegiratu zuen bere ibilbidea, eta halaxe egin zuen Ainhoa Agirreazaldegik ere, bertsolariaren,  euskaltzalearen eta feministaren ikuspegitik begiratuta.

Kulturaren beste aurpegi batzuk erakutsi dute, baina, ikasketa graduan izan diren ikertzaileek, filosofoek, soziologoek, antropologoek, enpresariek... Horietako batzuk ere EKT-ko platoan izan dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak