Juan Ramon Garai: "Arrasaten 1.000 lagunek baino gehiagok jasan zituzten frankismoaren errepresaliak"

Txomin Madina Milikua 2017ko mai. 22a, 20:41

Frankismoaren inguruko hitzaldia eman dute gaur arratsaldean Arrasaten Intxorta 1937 elkarteko Juan Ramon Garaik eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kide Josu Ibargutxik.

Frankismoak Arrasaten izandako eragina azaldu du gaur arratsaldean Kulturaten emandako hitzaldian Intxorta 1937 elkarteko kide Juan Ramon Garaik. Adierazi duenez, 1936 eta 1977 artean, 1.000 arrasatear baino gehiagok jasan zituzten frankismoaren ondorioak: "Horietako asko hil egin zituzten. Baina beste askori bestelako ondorioak ekarri zizkien frankismoak: berriz ere ez itzultzeko erbestera joan beharra; isunak; torturak; emakumeei ilea moztea bezalako zigorrak...".

Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kide Josu Ibargutxik, bere aldetik, egun martxan dauden prozesuen egoera azaldu du: "Argentinako kereila aurrera doa. Mauricio Macri presidentea eskuindarra izateak estutzen gaitu apur bat, Maria Servini epailea kargutik kentzeko gogoa egon daitekeelako. Horrek beldur apur bat ematen digu; baina kereila bat ezin da bertan behera geratu epailearen erabakiz ez bada". Bestalde, modu positiboan baloratzen du, Arrasatekoak egingo duen bezala, udalek epaitegietan salatzea herritarrek jasotako errepresioa: "Urrats handia izango da hemengo instituzioek bere esku hartzen badute salaketak jartzea". Arrasateko udalaren asmoa da jasotako herritarren testigantzekin salaketa jartzea Bergarako epaitegian, baina Argentinako kereilarekin ere bat egitea. "BI bideak bateragarriak dira", adierazi du Ibargutxik.

Diskrezioa eta babesa

Maria Ubarretxena alkateak egin du gaurko hitzaldiaren aurkezpena. Azpimarratu du Arrasaten gertatu bezala, garrantzitsua dela horrelako gai baten udalbatza osatzen duten alderdi guztien arteko adostasuna lortzea. Gaineratu du gaurko hitzaldia bezalako ekitaldiekin, frankismoaren askotariko biktima izan direnak BAZen dagoen testigantzen bulegoan beraien lekukotasuna ematera animatu gura dituztela: "Diskrezio osoz hartuko ditugu, eta gure babesa izango dute", azaldu du Ubarretxenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak