goiena.eus

Eusebio Sacristan: "Mikel Gonzalezen konpromisoa, jarrera, inteligentzia eta errendimendua nabarmendu nahi ditut"

  Kirola  Arrasate

Mikel Gonzalezek kluba utziko duela komunikatzeko Realak plazaratutako ohar laburraren ostetik, Eusebio Sacristan Realeko entrenatzailearen prentsaurrekoa etorri da. Esker oneko berbak izan ditu jokalari arrasatearrarentzako. "Klubaren ikurretako bat da: 11 urte eman ditu lehen taldean eta 20 klubean… Haren konpromisoa, jarrera, inteligentzia, errendimendua… nahiko nituzke nabarmendu" esan du Eusebiok

Eusebio Sacristan: "Mikel Gonzalezen konpromisoa, jarrera, inteligentzia eta errendimendua nabarmendu nahi ditut"
Eusebio Sacristan gaurko agerraldian hedabideen aurrean. | Ikusi handiago | Argazki originala

Eta gehitu du: "Beti eman dio taldeari errendimendu handia eta ziurtasuna. Beti izan du jarrera ezin hobea. Kolore zuri-urdinen banderadunetako bat da". Realetik kanpo etorkizun oparoa eta zorte handia opa dizkiola esan du Eusebiok.

Erabaki zaila

Halako berben aurrean, zergatik ez duen jarraitzen galdetuta, argitu du erabaki zaila izan dela eta buelta asko eman dizkiotela, baina beste aukera batzuen alde egin dutela, erabaki zaila, mingarria eta ondo pentsatua izan dela azpimarratuz. "Azken unean hartu dugu erabakia eta nahi izan dugu berehala komunikatu, merezi duen moduko agurra izan dezan zaleen aurrean" esan du.

Omenaldia domekan Anoetan

Klubak urrezko intsignia ezarriko dio domekan, Anoetan, Realak eta Malagak jokatuko duten partiduaren aurretik. Zaleen txaloen artean agurtzeko aukera izango du, honenbestez. Baina ezingo du elastikoa azken aldiz jantzi Anoetan; izan ere, min hartuta dago eta entrenatzaileak ez du deialdian sartuko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa