Santa Barbara parkearen erabilera sustatzeko ideiak batzeko sortu da Arrasateko Haur Kontseilua. Bada, arrasatearren hazkuntzarako egokitutako hiri-eredua sortzeko ideiak eta proposamenak garatu dira. Lan horretan, haurren presentzia nagusia izan dute, eta, taldea sortu zenetik, alkatetzaren aholkularitza organo gisa lanean aritu da haurrekin.
Haurrak dira kontseilukideak
Kontseilua Arrasateko Herri Eskolak eta Arizmendi Ikastolako Santa Teresa, Arimazubi eta Gazteluondo guneetako Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako 18 haurrek osatzen dute. Eta, parekotasuna eta aniztasuna bultzatu nahian, bederatzi neskaz eta bederatzi mutilez osatu da. Taldea urtarrilean osatu zen, eta, geroztik, hainbat izan dira emandako pausoak.
Lehen saioa elkar ezagutzeko izan zen, eta horretan, gazteak Arrasateko alkatearekin izan ziren. Saioan, Kontseiluko haurrek gaiaren gaineko euren lehen iritzi eta ezagutzak adierazi zituzten. Bigarren saioan, Santa Barbara parkea ezagutzeko hainbat ekintzari ekin zion Kontseiluak. Hasieran, umeek hala eskatuta, parkearen inguruko historia ezagutu zuten; eta, ondoren, gehiago sakondu nahian, Santa Barbarara gerturatu ziren. Bertan ibilbide txiki bat egin zuten, partea esploratu eta inguruetako erabilerak aztertzeko. Azkenik, udaltzainei parkearen egungo erabilera eta gatazken gaineko galderak egin zizkieten. Hirugarren saioan, aurretik jasotako informazio guztia bildu eta parkeaz disfrutatzeko ideiak bota zituzten. Horretarako, irudimenaren lanketarekin zerikusia duten jolasei ekin zieten haurrek. Amaieran, alkatearekin berriz ere elkartu eta ideiak proposatu zituzten. Ildoari jarraituz, momentura arte proposatutako ideia guztien arteko aukeraketa bat egin zuten, eta nagusiak bildu: naturaz gozatzeko aukerak, udako zinema, kirol aisialdi gunea eta aterpe bat jartzea, hain zuzen.
Azken saioa, maiatzean
Maiatzean izango da azken bilera, eta ikasturteari amaiera emateko jaialdia prestatzen ari dira gazteak. Jaialdia ekainaren 9an izango da, arratsaldean, Arrasateko erdigunean, eta haur eta heldu guztiei dago zuzenduta. Egun horretan, jolasak izango dira eta jaialdiaren xede nagusia, hain zuzen, Kontseiluak eginiko lana herritar guztiei ezagutaraztea da.