Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, Arrasateko alkate Maria Ubarretxena alkatearekin batera iritsi da Ausolan kooperatibara. Bertako zuzendaritzako kideek egin diete ongietorria, eta bilera egin ostean, lantokia barrutik ezagutzeko aukera izan dute.
Aurretik baina, Arrasatek zein lehentasun nagusi dituen aztertu dituzte udaletxean izandako lan bileran, eta Ausolanera iritsi direnean Olanok azaldu du azpimarra jarri nahi izan dietela bileran, batik bat aspektu ekonomiko eta sozialei. Hauxe adierazi du: "Uste dugu gure bizi kalitatea eta baita ere elkartasuna Gipuzkoan mantentzen dugula bihotza industriala daukagulako eta enpresek sortzen dutelako aberastasuna. Eta hori nonbaiten ikusten baldin bada garbi, da Debagoieneko bailaran eta Arrasaten bertan", esan du diputatu nagusiak.
Debagoienean 3,7 milioiko inbertsioa iaz
Olanok gaineratu du, bailara honetan ikusita berrikuntzak eta arlo ekonomikoak zein garrantzia daukan, hor egin dutela apustua: "Adibidez, sustapen ekonomikoaren departamenduko datuak esanguratsuak dira oso Arrasate eta bere bailara osoan. Debagoienean berrikuntza eta sustapen ekonomiko kontzeptuetan 3,7 miloi euroko inbertsioa egin genuen iaz, 2016ko urtean, eta ikusten duzuen bezala, horiek oso zifra potoloak dira".
Lanako biribilgunea
Gogora ekarri du baita ere, Bedoñara bidean dagoen Lana lotunean biribilgunea egitea adostuta dutela. Denera 600 mila euroko aurrekontua dauka biribilgune horrek; Foru Aldundiak jarriko ditu 400 mila eta Udalak beste 200. "Horrekin egiten dugun apustua da ikuspegi ekonomikotik enpresei erraztasuna eman lehiakorrak izan daitezen etorkizunari begira, enplegua mantendu dezaten eta bistan da une honetan kooperatibek ere bailara honetan duten pisua ikusita, garbi daukagu Mondragon Taldearekin gure kolaborazioa oso estua izango dela hemendik aurrera ere", azaldu du.
Alkateak, esker hitzak
Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak, bestetik, esker hitzak izan ditu Aldundiarendako, eta hauxe esan du: "Arrasateko udaletxetik eskertzen dugu, nola ez, Aldundiaren laguntza. Olanok azaldu duen bezala, bailara honetan inbertitu dituzten baliabideak izan direlako oso garrantzitsuak. Bide horretatik nahi genuke jarraitzea, eta gure aldetik esker ona eta honek guztiak ekar dezala aurrerakuntza, enplegua eta ekonomiaren hobekuntza bat".
Beste enpresa batzuetan ere izan dira
Ausolaneko bisitaren ostean, Ekide enpresa ezagutzera joan dira, eta arratsaldean Mondragon Goi Eskola Politeknikoa ere bisitatuko dute. Baita Aretxabaletako Otalora enpresan ere.