Musika eta mitologia eskutik Amaia antzokian

Imanol Gallego 2017ko api. 29a, 22:00

Ipuinak askotan, egi bihurtzen dira oholtza batean, baina Alberto Urretxo eta Toti Martinez de Lezea pauso bat harantzago joan dira. Elkarrekin sortu duten Soinu magikoak ikuskizunak arima oparitu baitie denboran galtzen diren istorioei.

Bi artista elkartzen direnean, magia baino ez da sortzen. Soinu magikoak Urretxoren disko batean oinarritzen den arren, antzerki gisa, ikuskizunak asko irabazi du. Martinez de Lezearen hitzek, mitologia eta ametsen artean jolas egiten duen kontakizun sorta zoragarri bat sortu dute. Urretxok gainera, antzerkia are borobilagoa izan dadin, diskoan ez zeuden hainbat partitura ere sortu ditu, "pieza batzuk diskokoak dira, baina ez guztiak; Totirekin elkarlanean, istorio bakoitzarentzako doinu aproposenak aurkitzen saiatu gara" dio Urretxok.

Sorginak, dragoiak, erraldoiak, jainkosak, ipotxak, laminak... Soinu magikoak mitologia eta ametsak elkartzeko bide horretan, oso pertsonaia gutxi utzi ditu kanpoan. Hala ere, istorioak sinpleak bezain magikoak dira, edozein ikuslek gozatzeko modukoak. Arrasateko dragoiaren kondairak ere izan du bere lekua, hori guztia Martinez de Lezearen hitz eta ahotsean.

Guztiak aho zabalik

Handiak zein txikiak liluratuta irten dira Amaia antzokitik. Eszenografia xumea eta kontalariaren lanaz gain, zuzeneko musikarien lanak, ukitu berezia ematen baitio istorioari. Amaieran, ikusleek, gogotik egin dute txalo. Argi dago, musika izatetik haragi eta hezurrera egindako bidaian, Soinu magikoak ikuskizunak, asko irabazi duela.

Erlazionatuak

'Soinu magikoak' ikuskizuna

Imanol Gallego 2017 api 29 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak