Alberto Urretxo: "Totik musikarion lana mugaraino eramaten du"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko api. 29a, 09:00
Bilboko Orkestrako kide da Alberto Urretxo arrasatearra.

Udaberri Musikaldiaren barruan, Alberto Urretxo arrasatearrak bere proiektu berria aurkeztuko du Amaia antzokian: Soinu magikoak. Sarrerak bost eurotan eskura daitezke Amaia antzokiko leihatilan eta Arrasate.eus atarian.

Puntako musikariez gainera, Toti Martinez de Lezea duzu oraingoan bidelagun. Zer moduz?
Totirekin lan egitea amets bat zen niretzako; oso gustuko dut eta haren lan asko irakurri ditut. Iaz, udan, haren etxera joan eta elkarrekin ikuskizuna egitea proposatu nion. Hasieratik ondo ulertu genuen elkar; hark dioen moduan, zoratuta gaude biak! Izugarria da! Indar handia du eta oso konprometitua da. Asko ikasi dut harekin.  

Musika eta mitologia batzen dituzue ikuskizunean. Nolakoa da, baina?    
Bi elementu nagusi ditu oinarrian: iaz argitaratu nuen Soinuaren bidaia diskoa, batetik, –haren bilakaera dela esango nuke–; eta orain dela urte batzuk Totik Juan Luis Landarekin argitaratu zuen Euskal Herriko leiendak liburua, bestetik. Egiturari dagokionez, eguzki-loreari buruzko ipuinak zabalduko du saioa, eta ondoren, sei gai landuko ditugu: sorginak, dragoiak, erraldoiak, jainkosak, ipotxak eta laminak. Gai bakoitzari Soinuaren bidaiak diskoko kantu bat jarriko diogu eta haren gainean Totik istorio bat kontatuko du euskaraz.

Zuzeneko musikarekin lagunduta; izan ere, lau musikari izango zarete taularen gainean.
Hala da, bai. Goi mailako musikari profesionalak guztiak: Adriana Grigoras, nire emazteak, biola joko du, Irini Gaitanik pianoa, eta nik, tronboia. Gonbidatu berezi bat izango dugu, baina, oraingoan: Maite Itoitz harpa-jole eta abeslaria. Eskarmentu handiko musikaria da hura ere. Totirekin errezital asko egin ditu eta haren bitartez ezagutu dugu. Plazera izan da!

Konbinaketa ezberdinak egiten dituzue, beraz?
Bai; esaterako, ipuin baten kontaketan biola bakarrik dago, beste baten hainbat musika tresnaren nahasketa dago... Eta gai bakoitza Maite Itoitzek borobildu edo bukatuko du, duen ahots goxoarekin eta harparekin. Pieza batzuk diskokoak dira, baina ez guztiak; Totirekin elkarlanean, istorio bakoitzarentzako doinu aproposenak aurkitzen saiatu gara. Musika oso presente dago ikuskizunean.

Soinuaren bidaia lanarekin arrakasta izan duzu.
Egia da, bai; 500 disko saldu ditugu eta 20 emanaldi baino gehiago eskaini ere bai. Euskal Herriaz gainera, Estatuan ere toki askotan aurkeztu dugu: Madrilen, Bartzelonan, Zaragozan, Valentzian... Eta atzerrian ere izan gara; esaterako, Seulen, nire anaiaren bitartez, eta berriz joateko gonbidapena jaso dugu hainbat tokitatik. Arrasaten aurkezteko gogo izugarria nuen, eta, ikuskizunaren estreinaldia bertan egitea kasualitatea izan bada ere, oso pozik nago. Emozioen bidez musika beste modu baten entzuteko aukera eskaintzen dugu; ez da tronboi doinuekin osatutako disko bat soilik. Lelo bat du bildumak, eta zera da: denok daukagu bi bizitza, eta bigarrena bat bakarra dugunean konturatzen garenean hasten dela. Horixe da bildumarekin adierazi gura izan duguna, eta Amaia antzokian eskuratzeko aukera izango duzue bihar.

Ikuskizunera itzulita, nori gomendatuko zenioke?  
Publiko guztiari. Estilo honetako musikarekin batzuek atzera egiten dute, ulertuko ez duten beldur; baina lasai etorri, ulertzeko erraza da eta. Ordu eta erdi goxoa igarotzeko aukera izango duzue. Guk oso ondo pasatzen dugu eta zuek ere bai, seguru; ez dut ezagutzen inor gure lana Totik besteko mugara eramaten duenik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak