Arrasateko merkataritza hauspotzeko lan ildoa aurkeztuta

Xabi Gorostidi 2017ko api. 27a, 17:03

Ikertalde enpresak egin du Hiri-ekonomia indartzea helburu duen plana. Sare sozialak eta turismoa baliatzea dira bertan jasotzen diren zortzi neurrietako bi, eta merkatariek positibotzat jo zituzten arren, Hirigintza sailetik jasotzen dituen trabak salatu zituzten

Azken hamarkadako krisi ekonomikoaren eraginez Arrasateko merkataritzak momentu larriak pasa ditu, eta asko izan dira egoera horren aurrean ateak itxi behar izan dituztenak.

Baina krisiaz aparte, badaude sektorea kaltetu duten beste faktore garrantzitsu batzuk ere; Kontsumo ohituren aldaketa, hiriguneekin loturak hobetzea,  edo online erosketen gorakada besteak beste. Guzti horri, sektoreko langileen batezbesteko adina oso altua dela gehitu behar zaio, besteak beste gazteen prestakuntza akademikoa gero eta altuagoa delako eta beste sektore batzuek erakartzen dituztelako.

Egoera horren aurrean, Ibai-artek eta Arrasateko Udalak, herriko merkataritza suspertzeko plan bat egitea adostu zuten iaz, eta asteazken goizean eman zuten horren berri.
Victor Fuentes garapen ekonomiko,  teknologia berri, komertzio eta turismo zinegotziaren ustez, orain ekonomia motelki hobetzen ari denez momentu "aproposa" da, era honetako plan "garrantzitsu" bat martxan jartzeko.

Ikertalde enpresa izan da txostena idazteko aukeratutako enpresa. Arrasateren egoera aztertu dute, zortzi neurriko lan ildoa zehazteko. Txostena ikusgai dago udal webgunean. w

Zortzi neurri

Ikertalde enpresako Iñigo Artetxeren ustez, apustuak egitea beharrezkoa da Arrasatek Debagoieneko erdigune komertziala izaten jarrai dezan.

Proposatutako lehen lan ildoan, bertako erosleak erakartzea jartzen du helburu, eta horretarako sare sozialen bidez bezero komunitateak sortzea eta hauekin hartu emana handitzea proposatzen du. "Teknologia berriak online erosketekin lotzeko joera dago merkatarien artean. Hala ikusita etsai bat izan daiteke, baina  whatsapp bezalako aplikazioak oso lagungarriak izan daitezke bezeroekin kontaktuan egoteko, eskaintzak bidaltzeko  eta bezero leialak lortzeko".  Horrekin lotuta Arrasatek Donostia, Bilbo edo Gasteizen dagoen turismo handia erakartzeko gaitasunean ere jartzen du fokua. Horretarako hutsik dauden lokaletako batzuk ostatu funtziora bideratzea, eta bisitariei aparkatzeko erraztasunak ematea lagungarri jotzen ditu planak.

Herriko merkatariek begi onez ikusi zuten neurrietako bat, lokal hutsak zabaltzen laguntzeko, lehen hiruzpalau urtetan konponketa lanik ez egiteko proposatzen dena da. "Negozioa bideragarria izaten hasten den arte lokalek hirigintza araudia betetzeko egin beharreko lanak, lehen urte horietan ez egitea adostu dugu" Iñigo Artetxek. Merkatarien ustez, horrek ez du arazoa konpontzen, baina lagungarritzat jo zuten.

75 lokal hutsik erdialdean

Ikertaldek egindako txostenean, Arrasate erdialdean 75 lokal huts daudela jasotzen da, erdia baino gehiago alde zaharrean.   

Hauen jabeetako asko aurkezpen ekitaldira gerturatu ziren, eta lokalak zabaltzeko Hirigintza sailetik jartzen zaizkien oztopoak salatu zituzten. Erretiratuentzako turismoan aditua den enpresa gizon kataluniar bati herriko bi lokal gustatu zitzaizkiola adierazi zuen batek, baina inbertsioak egin beharragatik Eibarren zabaltzea erabaki zuela. "Guri ezezkoa eman eta astebetera zabalik eta martxan zeukan Eibarreko lokala".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak