Hurrengo denboraldian EBA mailan jarraitu ahal izateko berebiziko garrantzia zuen Mondragon Unibertsitatearentzat gaur Iturripen jokatu duen partidua irabazteak, Aurkariak, baina, Burgosko Grupo Santiago Automocionek aukera gutxi eman ditu, eta hala, arrasatearrek ezin izan dute garaipena lortu.
Lehenengo bi laurdenetan gauzak nahiko parekatuta egon dira. Lehena Burgosekoek irabazi dute (24-26) eta bigarrena, arrasatearrek (20-18). Hala, hirugarren zatia 44na berdinduta hasi dute. Baina hirugarren laurdena 11-23 irabazita kanpokoek abantaila hartu dute eta laugarrenean gauzak parekatuago egon diren arren (24-27), arrasatearrek ezin izan diote markagailuari buelta eman. 79-94 izan da azken emaitza.
Larreategi jokalariekin pozik
“Taldeak borrokatu du, lehenengo zatian bigarrenean baino hobeto jokatu dugu”, adierazi du partiduaren ostean Josu Larreategi arrasatearren entrenatzaileak, eta gaineratu: “Barrutik jokalari indartsuak dituzte, eta kalte handia egin digute taularen azpian. Baina kanpotik jokatzen dutenak ere ondo ibili dira gaur. Guk, aldiz, kanpoko saskiratzeekin arazoak izan ditugu, eta defentsan beti ondo ibiltzea zaila da. Ezinezkoa izan da buelta ematea partiduari”. Mailari eusteko gaurko partidura begira MUko jokalariek zuten presioa ere nabarmendu du Larreategik, baina bere jokalariek egindako lanarekin pozik dagoela esan ere bai.
Etorkizunera begira, hausnartu beharra
EBA mailari eutsi ahal izateko garrantzia handiko partidua zen gaurkoa, eta porrotak asko zaildu du bidea. Sailkapenean Mondragon Unibertsitatearen aurkari zuzenek, Tolosak eta Zarautzek, gaur galdu egin dutenez, arrasatearrek atzetik hasita laugarren postuan jarraitzen dute. Sailkapeneko azken hirurak mailaz jaisten dira, baina Josu Larreategiren mutilek datorren astean oraingo postuari eusten badiote, aurrerago jokatu diren play-offetan gertatzen denaren araberakoa izango da mailari eustea.
Josu Larreategik, baina, permanentziari baino hurrengo denboraldian egingo dutenari ematen dio garrantzia: “Guk begiratu behar dugu ea zer nahi dugun datorren urtera begira. Hausnarketa sakona egin behar dugu. Saskibaloia polita da, baina sufritu barik. Azken hiru urtetan EBAn izan dugun esperientzia oso polita izan da, baina beste taldeek errefuertzo handiak dituzte, eta guretako zaila lehiakorrak izatea”.