Motor bazkari solidarioa egingo dute lehenengoz Arrasaten

Xabi Gorostidi 2017ko api. 18a, 10:52

Red Dragons motorzale taldekoek lehenengo motor bazkari solidarioa antolatu dute. Apirilaren 22an, zapatua, izango da, Arrasaten. Janaria bilduko dute Herriko Plazan eta motorrean kostaldetik bueltatxo bat egin gero. Aurrez izena eman behar da bazkarirako, 5 euroren truke.

Taldea sortu zenetik era honetako ekintzak antolatzeko gogoa izan dutela adierazi du taldeko kide Iban Marquezek. Apirilaren 22rako antolatutako ekintzak bi osagai nagusi izango ditu: "Bi atal dituela esan daiteke: motorra eta ekintza solidarioa. Lehenari dagokionez, kostaldera motor buelta bat egingo dugu. Arrasaten hasi, Bergaratik pasa, Gorla igo, Azpeiti aldea zeharkatu eta bertatik Zarautzera joango gara. Ondoren, Zarauztik Oriora mugituko gara pixkanaka kostaldetik bueltatzeko; Deba, Elgoibar eta berriz Arrasatera".

Elikagai bilketa

Ukitu solidarioa ere izango du: "Atal solidarioari dagokionez, bertan parte hartzen dutenei, eta Herriko Plazara gerturatzen den edonori, elikagai ez iragankorrak ekartzeko eskatuko diegu. Ikusi egin beharko da zenbat batzea lortzen dugun, baina, horren arabera, leku batera edo bitara eramango ditugu batutako jakiak; aterpetxeetara eta elikagai bankuetara".

Herriko Plazan erdigunea

Kostaldera bueltatxoa egin eta Zarautz eta Orio ikusi ostean, Arrasateko Herriko Plaza bilakatuko da festaren erdigune: "Luntxa egingo dugu, indarrak berreskuratzeko. Giro motorzalea egon dadin motor jolasak egingo ditugu eta egarria dutenentzat barratxo bat jarriko dugu edariekin eta pintxoekin. Era horretan, elkartea finantzatzeko dirua atera dezakegu, era honetako ekintza gehiago antolatzen jarraitzeko". Motor bazkari solidarioan parte hartzeko aurrez izena eman behar da 5 euroren truke.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak