goiena.eus

Ziorlak irabazi du aurtengoa, iazko txapeldun Txalapartari gailenduta

  Gizartea  Arrasate GAURKOAK

13 elkarte gastronomikok hartu dute parte aurten SUDC elkarteak antolatutako doke txapelketan, eta Ziorlarentzat izan da txapela, iazko irabazlearen –Txalaparta– aurkako final lehiatua irabazi ostean –52-38–. Hirugarren Karkabal sailkatu da eta laugarren, berriz, Santa Marina.

Irabazleek, ohiturari jarraituz, Udaleko bi ordezkariren aurka jokatu dute, Jose Luis Etxeberria Porru Babes Zibileko teknikariaren eta Ander Garai zinegotziaren aurka, hain zuzen. Lehia honetan, baina, finalean baino errazago nagusitu da Ziorla.

Antolakuntza pozik azaldu da txapelketak eman duenarekin. "Gustura gaude. Maila ona egon da eta giroa ere paregabea. Urte guztia hau prestatzen egon ostean, zoragarria da eduki duen erantzuna", dio Juan Luis Arkauzek, SUDC-eko kideak. Hala ere, elkarteen parre-hartzea handiagoa nahiago luke. "25 elkartetik 13k parte hartzea ondo dago, baina 18-20 inguru askoz hobeto egongo litzateke", dio.

Aurrera begira, Arkauzek adierazi du tradizio honekin jarraituko dutela. "Guk txapelketa hau antolatzen jarraituko dugu aurrerantzean ere, eta ea elkarte gehiago animatzen diren".

Erreleboa, haurrek

Pasa den domekan haurrek egin zuten doke txapelketa. Zortzi bikotek hartu zuten parte. "Alde horretatik ere gustura, txikiek ere erreleboa emango dietelako nagusiei. Izan ere, bi urtetan larrituta egon ginen, ez zirelako etortzen", adierazi du Arkauzek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa